naiz

Munduko Federazio Sindikalak Altsasuko gazteei ezarritako zigorra kondenatu du

Munduko Sindikatuen Federazioak «gogor» kondenatu du «espainiar Estatuaren errepresioa» Altsasuko zortzi gazteei Entzutegi Nazionalak ezarritako kartzela zigorren ostean. «Inork ez du bere ideia zein iritziengatik jazarria edo jarraitua izan behar», adierazi dute.

Munduko txoko ezberdinetan 92 milioi afiliatu dituen Munduko Sindikatuen Federazioak bere haserrea adierazi du espainiar Entzutegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteei ezarritako 13 eta bi urte arteko espetxe zigorren harira. Zentzu horretan, «gogor» salatu du «espainair Estatuaren errepresioa».

Entzutegi Nazionalak «herri eta sektore herritarrak beldurtu eta kikildu nahi dituzten espainiar Estatuaren ekintzekin bat egin» duela gaineratu du. «Nabarmena da injustizia soziala, biztanleria pobretzea eta lan arloko lorpenak erauztea indartzen badira, autoritarismoa eta herriaren aurkako estatu burgesaren errepresioa ere gogortu egiten direla», gaineratu dute. Honen erantzule zuzen bezala Europar Batasuna ere seinalatu dute.

«Inork ez du bere ideia zein iritziengatik jazarria edo jarraitua izan behar», adierazi dute. Altsasuko gazteen aurkako sententzian, Ospa Mugimenduak eta Euskal Herriko desmilitarizazioaren aldeko aldarriek pisu handia izan dute gertatutakoa «estrategia baten barne» kokatzeko. Hori dela-eta, Munduko Sindikatuen Federazioak «bere elkartasun internazionalista» berretsi egin nahi izan du «espainiar Estatuko herriekin burgesia eta kapitalaren aurkako bere borrokan».