GARA
BILBO

«Kresala» irakurriz bizkaiera goraipatuko dute Bilbon

Txomin Agirreren «Kresala» izango da aurten Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituko protagonista. Hamabi orduko irakurketa saioa bihar egingo da, Bilboko Arriaga antzokian, eta erromeria batekin emango zaio amaiera jaiari.

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamaikagarren edizioak bizkaieraren garrantzia azpimarratu eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatuko ditu, Txomin Agirreren “Kresala” irakurriz. Ekimena Arriaga antzokian izango da, bihar, eta Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatuko da. Arriagako plazan egingo den erromeria batekin bukatuko da jaieguna, iluntze partean.

Ekimena iragartzeko prentsaurrekoan azaldu zutenez, Bilbo Zaharra euskaltegiak ikasturteari amaiera emateko antolatzen duen ekintza honetan laurehun lagun inguruk hartuko dute parte eta horiek izango dute Agirreren obra txandaka irakurtzeko ardura. Gaineratu zutenez, ekitaldia Arriaga antzokiaren kanpoaldeko pantaila baten bidez eta EiTBren webgunean ikusi ahal izango da zuzenean eta Alondegiko Kulturen Atarian ere pantaila bat jarriko dute ekitaldia ikusi ahal izateko.

Irakurraldia 8.00etan hasi eta 20.00etan bukatuko da. Kirmen Uribek hasiko du irakurraldia, liburuaren lehenengo lerroak irakurriz. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu “Kresala” lanaren pasarteak jendaurrean.

Hain zuzen, parte hartzaileen artean egongo dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak, Bilbo Zaharra euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoko ordezkariak eta ekonomialari, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariak, besteren artean. Tarteka, munduan zeharreko euskal etxeetan grabatutako irakurketa bideoak ere proiektatuko dira.

Halaber, klasikoen irakurraldia jai giroan bukatu nahian, musika eta dantza emanaldia izango da Arriaga antzokiaren parean, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean. Jai honekin euskarazko ikasle guztiei omenalditxoa egin nahi zaie, baita klasikoak ezagutarazi ere. Horretarako, Bilbo Zaharra euskaltegiak “Kresala” lanaren inguruko unitate didaktiko batzuk prestatu ditu, ikastetxe, ikastola, euskaltegi eta abarretan erabiltzeko eta lantzeko. Bestalde, agerraldian gogoratu dute Bilboko metroaren Alde Zaharreko eta Abandoko geltokietan aurreko edizioetako argazkiz eta kartelez osatutako erakusketa ikusgai dagoela.

Gainera, urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriaga antzokian irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi batzuk antolatu ditu. Lehenengoa otsailean egin zen, eta aste honetan Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe ariko dira.

 

Maialen Lujanbiok egindako testuak irakurri eta bertsoak kantatuko dituzte Hendaian

Urtero bezala, irakurraldi publikoa eginen da Hendaian. Ekainaren 6an 13.50etik 18.30era eginen den bederatzigarren edizio honetan Maialen Lujanbiok 2010. urtetik egindako hitzak izanen dira protagonista. Idatzirik plazaratu dituenak irakurri eginen dira, eta bere «bertsoaldi ederrenak» publikoarekin batera kantatuak izanen dira.

Herriko mediatekan antolatu den ekimenean 90 haur eta 70 heldu inguruk hartuko dute parte. Txikienen artean batzuk kantatzera hurbilduko dira, eta beste batzuk bideoaren bitartez egonen dira presente.

Ohi bezala, hasieran Hendaiako auzapez Kotte Ecenarro eta Sustrai Colina bertsolariak eginen dituzte lehen irakurketak, eta hitzorduaren filosofiarekin bat eginez, ondotik, jende ezagun eta ez hain ezagunek hartuko dute erreleboa. Hendaiarrak nagusi izanen badira ere, inguruko herrietako euskaltzaleak ere hurbilduko dira. Idoia ERASO