NAIZ
DONOSTIA

Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko alkateak, Euskaraldiarekin bat

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako alkateek, Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Joseba Asironek eta Gorka Urtaranek, atxikimendua adierazi diote ‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ ekimenari eta hiztunen aktibazioan hiriek protagonista izan behar dutela aldarrikatu dute. 

Goia, Asiron, Urtaran eta Aburto, Bingen Zupiria, Arrate Illaro, Elena Laka eta Miren Dobaranekin, Miramar Jauregiko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Goia, Asiron, Urtaran eta Aburto, Bingen Zupiria, Arrate Illaro, Elena Laka eta Miren Dobaranekin, Miramar Jauregiko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldi batean, Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteizko alkateek babesa adierazi diote Euskaraldiari

«Hiriburuek, euskararen lurraldeetako hirigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dute euskararen erabilera bultzatzeko bidean. Euskaraldia ekimena oso lagungarria izango da norabide horretan», adierazi dute.

Euskaraldia abian jartzeko bost hilabete baino zertxobait gehiago falta denean, alkateek azpimarratu nahi izan dute hiriburuen garrantzia euskara sustatzeko bidean, «daukaten garrantziagatik eta lurralde osoan duten eraginagatik».

Ekimenaren koordinatzaile Arrate Illarok gidatu du agerraldia eta ingurune handiek Euskaraldiaren alde eginiko apustua txalotu du eta nabarmendu du 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiek egingo dutela bat Euskaraldiarekin eta guztietan daudela hura antolatzeko lantaldeak.

Momentu honetan, 350 udalerrik egin dute bat Euskaraldiarekin. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñearekin batera, Euskaraldian izango dira Ipar Euskal Herriko hiriburuak ere: Baiona, Donibane Garazi eta Maule.

«Euskararen erabileran urratsak eman nahi baditugu ezinbestekoa da hiriak praktika berrietarako eremu eroso bilakatzea», esan du Illarok.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimenaren helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko.