naiz
Donostia

77 urteko Paulo Muñoak emanen dio hasiera giza kateari eta 16 urteko Aroa Arrizubietak, itxi

«Zain egon gabe, olatua sortzeko» baliatu nahi du Gure Esku Dagok igandeko giza katea. Bide horretan, oraina eta etorkizuna lotuko dituzte Donostian 77 urteko Paulo Muñoaren eskuetatik hasita, Gasteizko Parlamentuan 16 urteko Aroa Arrizubietarekin amaitu arte.

Paulo Muñoa eta Aroa Arrizubieta izanen dira giza kateko lehen eta azken «katebegiak». (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Paulo Muñoa eta Aroa Arrizubieta izanen dira giza kateko lehen eta azken «katebegiak». (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Paulo Muñoa izango da iganderako Gure Esku Dagok antolatutako giza kateko lehen pertsona. 77 urteko gizona plataformako kidea eta diruzaina da dinamikaren hastapenetatik. Berak hasitako lekukoa Gasteizko Parlamenturaino iritsiko da, eta bertan egonen da 16 urteko Aroa Arrizubieta. «Lehen eta azken katebegiak» bezala definitu Gure Esku Dagok.

Gaur biek agerraldia egin dute Donostian. «Igandeko giza katea mugarri bat izango da erabakiaren bidean. Ez dugu nahi idatzita datorkigun etorkizunik. Etorkizuna guk geuk idatzi nahi dugu», adierazi dute. Ordu erdiko ekimena izango da, baina «gauza asko erakutsiko ditugu» denbora horretan. «Herri oso bat mugimenduan, erabakitzeko eskubidearen aldeko milaka eta milaka herritarron borondatea. Erabakitzeko arrazoiak, eta etorkizuna elkarrekin eraiki nahi duten herritar ahaldunduak», berretsi dute.

Giza kateak «ziklo berri bat» irudikatuko duela nabarmendu nahi izan dute. «Igandean lehen eta azken kilometroetan egongo gara Paulo eta biok. Lehen eta azken pertsonak izango gara. Hasiera eta amaiera. Amaiera eta hasiera. Donostiatik hasi, Bilbotik pasa eta Gasteizera arte, 201,9 kilometrotan gure eskuak batuko ditugu. Eta lehen kilometrotik azkenera arte euskal herritarron indarra, ilusioa eta gaitasuna sentituko ditugu», erantsi dute.