NAIZ

EH Bilduren Bilbo eta Bizkaiko zerrendaburuak aukeratzeko bozketa iganderarte

EH Bilduk azaldu duenez, gaurtik hasita iganderarte izena eman duten kide guztiek bozkatzeko aukera izango dute zerrendaburu onena aukeratzeko. Bizkaian Arantza Urkaregi eta Bea Ilardia dira hautagaiak eta Bilbon, Jone Goirizelaia eta Joana Marcoartu.

Jone Goirizelaia, Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ / FOKU)
Jone Goirizelaia, Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ / FOKU)

Ostegunean EH Bilduren Bizkaiko eta Bilboko hautagaien aukeraketan bozkatzeko izena emateko epea bukatu zen. Bozketa horretan hurrengo Foru Hauteskundeetan Bizkaiko zerrendaburua aukeratuko da eta baita ere Bilbokoa.

Ekainaren batean EH Bilduk ezagutzera eman zuen bi direla Bizkaian hautagai izateko haien burua aurkeztu duten pertsonak. Alde batetik, Arantza Urkaregi -Matematiketan Doktorea eta Bizkaiko batzarkidea- eta Bea Ilardia -Zuzenbidean lizentziatua eta Galdakaoko EH Bilduko bozeramailea-.

Egun horretatik aurrera zazpi eguneko epe bat ireki zen hautagai biek eta EH Bildu Bizkaiak balizko zerrendaburuen profila ezagutzera emateko eta izena eman ez zuten EH Bilduko kideek prozesuan izena emateko. Behin epe hori bukatuta izena eman dutenek telematikoki bozkatu dezakete https://elkarrekin.ehbildu.eus webgunean.

Zenbait herritan, gainera, modu presentzialean bozka emateko aukera egongo da. Esaterako, Buenos Aires kaleko 2. zenbakian dagoen Bizkaiko EH Bilgunean aukera egongo da bozka emateko ekainaren bederatzian, larunbata, 10.00etatik 18.00etara.

Araudia bete duten bozken emaitza hurrengo astean ezagutzera emango da; lehenik eta behin prozesuan parte hartu duten kideei eta, ondoren, komunikabideei.

Aldi berean, Bilbon Udal Hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesua egiten ari dira. Bertan ere bi izan dira haien burua aurkeztu duten hautagaiak. Alde batetik, Jone Goirizelaia -Zuzenbidean lizentziatua eta legebiltzarkidea- eta, bestetik, Joana Marcoartu -Ingeles Filologian lizentziatua eta administraria-.

Bilbon, EH Bilgunean bozkatzeaz gain, udal taldeak udaletxean daukan bulegoan bozkatzeko aukera ere egongo da gaur, ekainak 8, 11.00etatik 14.00etara.