Hilabete hauetan, atzoko giza kateaz aritu garenean, 201,9 kilometro horiei erreparatu diegu, erronka egundokoa egiten zuen ibilbide horri. Bertigo puntu batekin, bai. Sugetzarra ematen zuen mapan, zuek, aldiz, ibai emankorra bihurtu duzue.
Baina kateak aipatzen hasita, badaude nabarmentzea merezi duten beste kate batzuk, espazioarekin baino, denborarekin lotuta daudenak, eta osatu baino, apurtu beharrekoak. Mendeetan zehar gure herria gatibu mantendu duten horiez ari gara, noski. Izan ere, E10eko ekimenak, Gure Esku Dagok urte hauetan burutu dituen guztiek bezala, kateak haustea izan du helburu. Mikel Laboaren hitzak maileguan hartuta, herri honen gogo eta gorputzari eragiten dioten kateak. Gogoari, kulturalki zanpatutako herria garelako; eta gorputzari, gure esparru fisikoaren, lurraren jabetza, zapaltzaileek dutelako.
Mobilizazio hauek ez dira ideologia bati laguntzeko egin, ez eta independentziaren gogoa hauspotzeko ere, askapen ideia bat ernaltzeko baizik, demokrazia egikaritzeko. 2019 bezain garrantzitsuak direlako 778, 1200, 1512, 1936 edo 1978. Zenbaki horiek eta beste asko kateatuta heldu zaizkigu guri.
Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Baina gure herria badabil, eta katebegi astun horien pisua pairatzen du. Horregatik hasi da giza kateak, elkarretaratzeak eta galdeketak antolatzen, giltzarrapoa ireki edo zuzenean puskatzeko modua, bide bakarra, herriaren borondatean dagoela ulertu duelako. Dena gure esku dagoela badakielako.