Asier Ezeiza Aierra euskal presoa Mont de Marsaneko espetxera eraman dute gaur, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Tarasconen (Euskal Herritik 750 kilometrora) geratzen zen euskal preso politiko bakarra zen hernaniarra.
Asier Ezeiza preso politiko hernaniarra Mont-de-Marsango espetxera hurbildu dute https://t.co/n3FVtfS7MR
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) June 14, 2018
Hernaniarra 2008ko uztailaren 25ean atxilotu zuen Polizia frantsesak Côte d’Or Departamentuan, Olga Comesekin batera, ETArekin zerikusia izatea leporatuta. 2014an hainbat protesta egin zituen Ekaitz Sirvent eta Zuhaitz Errastirekin batera, Marseillako espetxean, behin behineko egoeran, hilabeteak eduki zituztelako «baldintza oso txarretan», ezarri zieten zigorra bete behar zuten kartzelara eraman aurretik. Azkenean Tarasconera eraman zituzten.
Ezeizarekin, hamalau dira dagoeneko Estatu frantseseko agintariek azken hilabeteotan Mont de Marsan eta Lannemezaneko kartzeletara gerturatu dituzten euskal presoak. Bi horiek dira Euskal Herritik gertuen daudenak, lehena 230 bat kilometrora eta bigarrena, aldiz, 330 kilometrora.
Azken lekualdatzea Asier Oiartzabal preso andoaindarrarena izan zen, joan zen ekainaren 4an. Lannemezanera eraman zuten Saint Maur-etik.