NAIZ
DONOSTIA

Hizkuntza politikan lankidetzaren bideari eutsiko diote Lakuak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk

Lakuak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute Donostian. Iazko uztailean sinatu zuten hitzarmenaren urteurrena betetzear dagoela, hiru erakundeek adierazi dute 20 proiektu eta lan ildo inguru jorratu dituztela urte osoan zehar, eta «bide emankor horri» eusteko borondatea azpimarratu dute.

Arrabit, Ollo eta Zupiria, Donostian. (IREKIA)
Arrabit, Ollo eta Zupiria, Donostian. (IREKIA)

Lankidetza hitzarmena sinatu zutenetik urtebete igaro denean, agerraldia egin dute Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta EEPko presidente Beñat Arrabitek hiruko itun honekiko konpromisoa berresteko, hizkuntza politika «eraginkor bat bideratzen laguntzen jarrai dezan».

Urte osoan zehar 20 proiektu eta lan-ildo inguru jorratu dituztela nabarmendu dute eta, horregatik, bide «emankor» horri jarraipena ematearen alde agertu dira.

Hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten hiru erakundeek iaz izenpetu zuten akordioa «mugarri» bat izan zela adierazi dute eta, hortaz, egindako bideari eta egiteko dagoenari erreparatu diote.

Hezkuntza arloan, nabarmendu dute Eskola Futura mugaz gaindiko programa abian jarri dutela, Magisteritzako ikasleak irakasle eleanitzak bihurtzeko helburua duena, frantsesa, euskara eta okzitaniera ikasteko urte bat edo bi urteko formazio intentsiboak eskainiz, Ipar Euskal Herrian irakasle euskaldun gehiago izan dadin batik bat.

Ikasle euskaldunak trukatzeko programarik egin ote daitekeen aztertzeko bilerak ere egin dituzte eta datozen hilabeteotan espero dute erabaki bat hartzea.

Helduen euskalduntzari dagokionean, Hiruko Itunaren bitartez Euskarabideari HABE liburutegiaren dokumentuak eskuratzeko aukera eman zaio eta, horrekin batera, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma Nafarroari egokitzeko bidea ireki da.

Hizkuntza gaitasunen egiaztapenen inguruan, B1 mailako agirien baliokidetza bideratzen ari dira Ipar Euskal Herriarentzako, eta Nafarroarekin baliokidetza guztiak gauzatzeko bidea ere jorratzen ari dira. Euskara aisialdian eta ingurune digitalean sustatzeko, hiru erakundeen arteko komunikazio bideak hobetu dituztela ere azpimarratu dute: hiru erakundeek bat egiten dute Euskararen Aholku Batzordean eta Hakoba (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarra) lantaldean.

Euskararen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko, herritarren aktibazioa bizkortzeko eta erabilera bultzatzeko Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia. Hiru erakundeek proiektuan parte hartzen dute, eta hirurak dituzte ordezkariak Euskaraldia koordinatzeko batzordean. 

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, iragan abenduan hiru erakundeek Euskararen Adierazle Sistema (EAS) aurkeztu zuten, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin batera. Tresna honek euskararen egoeraren inguruko informazioa era planifikatuan eta sistematikoan eskaintzen du, hainbat adierazleren bitartez.

Bestalde, hiru erakundeen elkarlanaren bidez, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren argitalpena bideratuko da aurten.

Lankidetza honek ahalbidetzen duen markoan, orobat, Lakuak eta Nafarroako Gobernuak arnasguneetako hizkuntza errealitatea aztertzeko, diskurtso berriak jasotzeko eta komunikazioa lantzeko plan bat burutzea erabaki dute. Egitasmo honen inguruko nondik norakoak udazkenean aurkeztuko dituzte.

Euskararen corpusa handitzeko bidean ere beste pauso bat eman dute. Hiru erakundeak itzulpen memoriak elkar trukatzen hasi dira, corpusa ugaritzeko asmoz eta itzulpen teknologikoak hobeak izan daitezen.

Azkenik, hiru erakundeak lanean ari dira hizkuntza politikaren gaineko Europako diru-laguntza deialdietara elkarrekin joateko, Euskararen Adierazle Sistemarekin egin zen bezala. NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) hizkuntzen aniztasuna sustatzeko sarean ere parte-hartze bateratua sustatzen ari dira.

Irauteko konpromiso horren erakusgarri da hiru erakundeek lankidetza hau islatzeko sortu duten marka: ‘Hiruko Ituna’. «Asko dira elkarlanean sustatzen ari garen proiektuak, eta etorkizunean gehiago izango dira seguruena. Horiek guztiek marka hau eramatea nahi genuke, sustatzen ari garen lankidetzaren erakusle», adierazi du Zupiriak.