@gara_miantzi
Hernani

Salbuespenezko espetxe politika bukatzeko eta sufrimendua atzean uzteko «presa» agertu du Etxeratek

Etxerateko senideen ordezkaritza zabala bildu da gaur Hernanin, bake prozesua gelditzen duten oztopoen desaktibazioa eskatzeko. ETAren desegitearen ondotik egoera politiko berri bat abiatu bada ere, eurak sufrimendua iraganean utzi ezinik daudela adierazi dute. «Salbuespenezko espetxe politikak ezin du minutu bakar bat gehiago ere iraun», nabarmendu dute.

Etxerateko hainbat senide, Hernaniko Biteri kultur etxearen aurrean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Etxerateko hainbat senide, Hernaniko Biteri kultur etxearen aurrean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Gaur, ostirala, ehunka haur, nerabe, adindu eta eri, adin eta egoera guztietako lagunak errepidera aterako dira «istripu bat sufritzeko beldurrez, oinaze eta nekeari aurre eginez, batzuen mendeku gosea asetuz horrela». Urrunketa ez da, gainera, soilik «presoen aferan» kokatutako korapilo bat eta bere ondorioak euskal jendartearen bizkar erortzen dira. Hala agertu du Etxeratek Hernanin egin duen ekitaldian.

ETA desegin ondotik, «ez dago aitzakiarik inolaz ere zuritu ezin dena zuritzeko», eta hamasei heriotza eragin dituen sakabanaketari eusteko. «Behin ETA desagertuz gero, sakabanaketa bertan behera geldituko zela adierazi zuten, eta norbaitek data eta ordua ere zehaztu zituen: 48 ordura».

Biteri kultur etxearen atarian elkartutako hamaika senideek zera erantsi dute: «Gurean sufrimendua zer den oso ongi dakigu eta horrexegatik beste sufrimendu batzuk ere aitortzeko gauza gara (...). Ez dugu inolako mendekurik nahi. Gertatu dena berriz ere gerta ez dadila nahi dugu». Egoera politiko berriak gatazkaren indarkeriaren eraginez sortutako ondorio guztiak entzun, sendatu eta konpondu behar dituela uste dute, eta norabide horretan ardatz gisa hartzen dute euskal preso eta iheslarien afera. Baina, bien bitartean, «ezin dugu gure sufrimendua iraganean utzi».

Indar politikoei, erakundeei eta Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarrei «sendotasuna» eskatu diete bide «berri eta zail honetan» aurrera egiteko. «Eskubideez eta horien urraketen ondorio lazgarriez hitz egiten ari gara; balizko biktima potentzialez. Urrunketa indargabetu behar dela garbi asko adierazten duen euskal gizarteak dispertsio politikak eragindako beste biktima bat onartuko luke? Etxean eta bizirik nahi ditugu», erran dute irmo, txalo zaparrada batekin.

Galderen txandan, kazetariek espainiar Gobernu berriaren aldetik zer itxaroten duten jakin nahi izan dute eta senideek erantzun dute «espekulazioetan erori gabe, pausoak itxarongo» dituztela. Gasteizko Legebiltzarrak, PP izan ezik alderdi guztien babesarekin urrunketa lehenbailehen amaitzeko eskatu izana baikorra da Etxeratentzat eta aldeko boza eman dutenetako bat Madrilgo Gobernuan egoteak ondorioak izatea espero du.

Dispertsioa martxan jartzea erabaki politiko bat izan zela eta soluzioa ere erabaki politiko batetik etorriko dela adierazi, eta hori gertatzeko «presa» dutela azpimarratu dute.