Haritz LARRAÑAGA
Urruña
Elkarrizketa
SEBASTIEN CASTET
EUSKAL KONFEDERAZIOKO ORDEZKARIA

«Urrats sinbolikoa bada ere, biziki inportantea da»

Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko lan egiten duen elkarte eta federazioen bilguneko ordezkaria baikor da Euskal Elkargoak hizkuntza politika jorratzeko hartu duen norabidearekin.

Euskalgintzan lan egiten duten eragileetako kideek gaur Euskal Elkargoak aurkeztuko duen hizkuntza politikaren inguruan zer iritzi duten jakin nahi izan dugu. Horretarako Euskal Konfederazioko ordezkariarengana jo dugu.

Euskal Elkargoak aurkeztuko duen hizkuntza politika egitasmoaren berri baduzue?

Bai, baina ez dugu baloraziorik egin nahi bozketa nola pasatzen den ikusi arte. Proposamen honek nolako harrera duen ikusi ostean eginen dugu balorazio ofiziala.

Euskalgintzako elkarteekin harremanik izan du Euskal Elkargoak?

Bai, eta oraingoz esan dezakegun gauza bakarra da Euskal Elkargoak erabili duen metodologiarekin kontent garela. Euskararen deliberoa lantzeko zein hizkuntza proiektua lantzeko, aurre-lana egin zuten eta gero arloko elkarteekin partekatu nahi izan dute. Ekarpenak egiteko aukera eskaini digute eta horrek elkarlanerako borondatea erakusten du.

Aurrera begira, elkarlan horrek jarraipena izango du?

Orain arte Euskal Elkargoak elkarlanerako gogoa duela erakutsi du. Gaur bozketa ongi pasatzen bada, ikusi beharko da hizkuntza politika hori gauzatzerako orduan gurekin lan egiten jarraitzeko borondatea duten. Gu proposamen indar bat gara, baina hizkuntza politika publikoa garatzeko botere publikoek dute azken hitza. Guk nahi duguna da kontsultatuak izaten segitzea. Gure ekarpena hizkuntza politikaren onurarako izanen da.

Kontuan hartu behar da gu herri mugimendu bat garela. Arloko eragile gisa egiten ditugu hainbat ekarpen eta proposamen, errealitatetik biziki hurbil garelako. Egunerokoan diren blokeo egoerak eta sailez sail erronkak non diren inork baino hobeto dakigu. Beraz, espero dugu gure iritzia kontuan hartua izanen dela.

Gaur aurkeztuko den egitasmoarekin hizkuntza eskubideak bermatuko dira?

Ez. Ez dira hizkuntza eskubideak bermatuko. Berdintasuna bermatzeko ofizialtasuna behar da, hori da guk eskatzen duguna, euskara eta frantsesa maila berean ezarri eta euskarak balio juridikoa izatea. Horrelako erabakiak ordea, Parisen hartzen dira; beraz, Euskal Elkargoak ofizialtasuna aldarrikatuko balu ere ez litzateke maila sinbolikotik pasako.

Hala ere, nahiz eta sinbolikoak izan, gaur norabide horretan eginen diren urratsak positiboki baloratzen ditugu. Batetik, Euskal Elkargoak hizkuntza politika ausarta eramateko duen borondatea erakusten du; eta bestetik, lehen aldia izanen da Ipar Euskal Herria ordezkatzen duen instituzio batek halako erabaki bat hartzen duela bozka bidez.