naiz

LGTBI, migrante eta ijitoen aurkako 73 diskriminazio kasu antzeman zituzten EAEn 2017an

Lakuako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez bultzatutako Eraberean sareak 2017an guztira 76 kasuren arreta hartu zuen eta, lehen balorazioaren ondoren, 73tan diskriminazio zantzuak antzeman zituen, urteko txostenaren arabera. Migranteen, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboaren esparruan lan egiten du sareak, eta arraza jatorria, jatorri etnikoa, jatorri nazionala, orientazio eta identitate sexuala eta genero-identitatea direla-eta sortzen den diskriminazioan jartzen du arreta.

Eraberean sareak 2017ko datuak eman ditu ezagutzera. (IREKIA)
Eraberean sareak 2017ko datuak eman ditu ezagutzera. (IREKIA)

Erabereanek, 2017an, 76 salaketaren arreta hartu zuen, eta horietatik «73tan diskriminazio-zantzuak antzeman ziren lehen balorazioaren ondoren», Lakuako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak azaldu duenez. 2016an, Sareak 49 pertsonari edo pertsona talderi arreta egin zien. Beraz, joan den 2017an %37,24ko igoera izan da.

Amilibiaren ustez, «tratu berdintasunak eta diskriminaziorik ezak gizarte moderno ororen helburu izan behar dute». Erakundeek erregistratutako hasierako kasu guztietatik 54 arrazakeriako edo xenofobiako kasuak dira. Horietatik 42 kasutan, biktimak migrazioak kategoriari dagozkio, eta 12 ijito herria kategoriari. Gainerako 22 kasuak LGTBIfobia kasutzat aztertu dira.

Sarearen aurrean salatutako kasuek gutxienez 52 gizonengan, 28 emakumerengan eta hiru pertsona ez-bitarrengan izan dute eragina. Jatorriari dagokionez, %41 espainiar Estatukoak dira, eta gainerakoak (%59) nazioarteko jatorrikoak. Diskriminazioa egon den esparruari dagokionez. Azaldu dutenez, kasuen %89a esparru pribatuan izan da, eta %11a esparru publikoan.

Esparru pribatuan erregistratutako diskriminazio kasu gehienak, %46, etxebizitzaren alorrean gertatu dira. Kategoria horretan sartu dira alokairuko etxebizitzarako sarbidean izandako diskriminazio egoerak. Kasu horiek guztiek atzerriko pertsonengan izan dute eragina 2017an, asiloa eskatu duten errefuxiatuak barne direla.

«Eraberean sarea eta Eusko Jaurlaritza inplikatuta gaude berariazko lan ildo batean alokairuaren esparruan antzematen den diskriminazioari heltzeko», adierazi du Amilibiak.