NAIZ
MOSKU

Donald Trump eta Vladimir Putin uztailaren 16an bilduko dira Helsinkin

Donald Trump Estatu Batuetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako heldu den uztailaren 16an bilduko dira Helsinkin, Kremlinek eta Etxe Zuriak baieztatu dutenez. Lehen aldebiko bilera izango da.

Vladimir Putin eta Donald Trump, iaz G7aren bileran Hanburgon. (Saul LOEB/AFP)
Vladimir Putin eta Donald Trump, iaz G7aren bileran Hanburgon. (Saul LOEB/AFP)

Azken egunetan zurrumurruak zeuden Vladimir Putin eta Donald Trumpen arteko bilera hirugarren herrialde batean egingo ote zen, Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulari John Boltonek Moskura egin duen bistaren harira. Estatu Batuetako presidenteak berak onartu zuen Helsinki zela bilkura egiteko aukeretako bat, Vienarekin batera, kazetariei atzo egin zizkien adierazpenetan.

Kremlinek eta Etxe Zuriak gaur bidalitako oharretan baieztatu dute azkenean Finlandiako hiriburuan elkartuko direla, heldu den uztailaren 16an. Bi potentzietako buruzagien arteko lehen aldebiko bilkura izango da. «Bi liderrek Estatu Batuen eta Errusiaren arteko harremanak izango dituzte hizpide eta segurtasun nazionalarekin zerikusia duten hainbat gai jorratuko dituzte», azaldu du AEBetako lehendakaritzaren oharrak. Moskutik ere antzeko oharra igorri dute, eta «nazioarteko agendako gaurkotasuneko gaiak» eztabaidatuko dituztela azpimarratu.

Yuri Ushakov Putinen atzerriko gaietarako aholkulariak esan duenez, Siriako gatazka, Ukrainakoa, Ipar Koreako auzia, Iranekin akordio nuklearra eta desarme nuklearra izango dituzte hizpide, besteak beste.

Bilera prestatzeko aurrez bilduko dira Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta Mike Pompeo AEBetakoa, Kremlinen arabera. 

Moskuk nabarmendu duenez, Putin eta Trumpen arteko bilera «oso beharrezkoa» da.