NAIZ
IRUÑEA

Urruntze politikaren amaiera eskatu du Parlamentu nafarrak, PSNren babesarekin

Euskal presoei ezartzen zaien urruntzearen aurrean desadostasuna adierazi du Nafarroako Parlamentuak eta, zentzu horretan, ETAren ziklo amaierak ireki duen garai berriaren baitan bestelako espetxe politika bat martxan jartzea «beharrezkotzat» jo du. Gobernua babesten duten lau alderdiez gain, PSNren babesa ere jaso du ebazpenak. 

Aldeko 33 boto eta aurkako 17rekin onartu dute ebazpena. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Aldeko 33 boto eta aurkako 17rekin onartu dute ebazpena. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak espetxe politika izan du aztergai ostegun honetan eta, eztabaidaren ondoren, euskal presoei ezartzen zaien urruntzearen aurrean desadostasuna agerian utzi du. 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraz gain, PSNk ere babestu duen ebazpen horren bitartez, Nafarroako Parlamentuak adierazi du «ez dagoela ados presoak urruntzen dituen-espetxe politikarekin». UPNk eta PPk aurkako botoa eman dute. 

Onartutako ebazpenak dio «ETAren desagerparen ondoren zabaldu den garai berriaren baitan, beharrezkoa dela espetxe poltika berri bat sortzea», presoek gizarte- eta familia-lorturak dituzten lekuetatik gertu bete ditzaten zigorrak, «familiekin harremanak erraztuz, adin txikiko seme-alaben ongizatea bermatuz eta hauek gurasoekin egoteko duten eskubidea errespetatuz».

Bigarren puntu batean, testuak adierazten du Ganbarak «beharrezkoa ikusten duela elkarbizitza politiketan aurrerapausoak ematea, eta horretarako banakotasun, gizatasun eta egindako minaren aitortza bezalako printzipioak ezartzea ezinbestekoa dela». 

Zergatien azalpenean, lauko Gobernua babesten duten alderdiek aurkeztutako eta PSNk zuzendutako ebazpenak aipatzen du Parlamentuak erabaki ugari hartu dituela «salbuespeko espetxe politika nabarmen aldatzeko premiari buruz». 

«ETA erakunde gisa desegitearen garrantzia» ere azpimarratu dute alderdi horiek eta, gainera, iragan azaroaren 9an onartuta beste testu bati ere aipamena egin diote. Orduan, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatu zuen Parlamentuak, bost alderdien babesarekin. 

Joan den ekainaren 13an, Gasteizko Legebiltzarrak ere onartu zuen, PSEren babesarekin, bestelako espetxe politika baten aldeko ebazpena, presoen urruntzearen amaiera eskatuz.