naiz

133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren EAEn 2017an

Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren urteko txostenaren datuen arabera, 2017an 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren EAEn, 2016an 158 izan ziren bitartean. Horrela, 100.000 biztanleko 6,13 kasu berriko tasa da, aurreko urteko 7,3 kasuren aldean. Infekzio berrien %75,9 gizonei dagozkie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,8 urte da (2016an, 39,1).

GIB froga bateko irudia. (Andoni CANELLADA / FOKU)
GIB froga bateko irudia. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Jon Darpon Osasun sailburuak Bilbon, prentsaurreko batean, 2017an Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planean egindako aurrerapenen eta Osasun Sailak daramatzan politiken berri eman du. Marta Pastor Euskalsida EAEn GIBen arloan lan egiten duten elkarteen federazioko presidenteak eta Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planeko koordinatzaile Antonio Arraiza doktoreak ere parte hartu dute agerraldian.

Osasun sailburuak adierazi du gizarteak «alarmismoa baztertu baina erne jarraitu behar duela» aurten ere, «GIB eta sexu transmisiozko infekzioak ez baitira iraganeko gauza. GIB munduko arazo bat da eta, datu globalak baretzen ari diren arren, kopuruak ikaragarriak dira oraindik ere», ohartarazi du.

Hala, Hies eta STI Planaren txosteneko datuen arabera, 2017an 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren (2016an, 158) eta, beraz, 6,13 kasu berriren tasa da 100.000 biztanleko, aurreko urteko 7,3ren aldean. Infekzio berrien %75,9 gizonei dagozkie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,8 urte da (2016an, 39,1).

GIB bidezko infekzioa sexu transmisiozko gaitz bat da gehienetan. Gizonek gizonekin sexua duten transmisio bideak gehiengoa izaten jarraitzen dute, diagnostiko berrien %55,6 izanik (2016an, %44,3). Bide hetereosexualetik %38,3an gertatzen da (2016an, %42,4an).

Osasun sailburuak nabarmendu du infekzio berrien %45,9k diagnostiko berantiarra zutela, alegia, immunitate sistema dagoeneko oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren (350 CD4 zelula baino gutxiago). Alde horretatik, zehaztu du Osasun Sailak bi puntutan egingo dituela ahaleginak: infekzio berriak eragoztea eta kasu berriak lehenbailehen detektatzea, GIB duten pertsonen osasun pronostikoa hobetzeko eta GIB dutela ez dakiten pertsonek oharkabean hura ez transmititzeko.

Hain zuzen, diagnostikoaren atzerapenaren kontrako ahaleginean, Darponek nabarmendu du EAEko farmazietan GIBaren 2.636 test azkar egin zirela 2017an, eta 16 positiboak izan zirela (%0,6).