NAIZ
BILBO

Ernai eta Aitzinaren «bulkada berria» gazte antolakuntza eta borroka ospatu eta indartzeko

Ernai eta Aitzina gazte erakundeek ‘Bulkada berrien garaia da!’ dinamika jarri dute martxan, azken 40 urteotan gazte antolakuntzak eta borrokak emandakoa ospatu eta energia eta ilusio berriak pizteko. Hiru zutabe ditu dinamikak: «belaunaldi ezberdinen arteko zubiak» eraikitzea, borrokaren memoria liburu batean jasotzea, eta apirilean milaka gazte bilduko dituen Gazte Topagune «erraldoia» antolatzea.

Belaunaldi ezberdinetako militanteak, agerraldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Belaunaldi ezberdinetako militanteak, agerraldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

40 urte beteko dira datorren urtean Jarrai gazte antolakundea jaio zela, eta urtemuga horren harira Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek ‘Bulkada berrien garaia da!’ leloa duen dinamika jarri dute martxan.

Larunbat eguerdi honetan Bilbon egindako agerraldi batean, gazte mugimenduan aritzen direnek eta iraganean gazte erakundeetan ibilitako hainbatek dinamika honen berri eman dute. Azaldu dutenez, helburua ez da soilik urtemuga ospatzea, baizik eta 40 urteotan borrokan aritutako milaka gazteen lana eta inplikazioa balioan ipini eta gazte mugimenduari «bulkada» berri bat ematea.

Esan dutenez «testuinguru berezi baten aurrean» dago Euskal Herria, baita gazteria ere. Hala, uste dute «bulkada berriak inoiz baino biziago» daudela Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko bidean. «Haize berrien freskura dator Kantauriko hegira. Euskal Herriarekiko konpromiso eraberritua, herriz herri», nabarmendu dutenez.

Antolakuntzarako «espazio berriak»

Dinamikara batu eta Euskal Herri sozialista eta feministara bidean antolatzeko eta borrokatzeko deia egitearekin batera, dinamikak izango dituen eginbideak eman dituzte ezagutzera. Batetik, «herriz herri eta auzoz auzo dinamika lau haizetara zabaltzeko asmoa» azaldu dute, «belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartuz» eta gazte belaunaldi berriei antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekiko direla aipatu dute.

Bestalde, «belaunaldi ezberdinetako kideekin batera gazte antolakuntzaren memoria kontatuko duen liburu ederra» osatzen ari direla esan dute, «barru barrutik kontatutako historioz betea, hausnarketa eta bizipen ezberdinen josia» izango dena.  

Hitzordu nagusietako bat datorren urteko apirila da, «milaka eta milaka gazte batuko duen Gazte Topagune erraldoia».