NAIZ
TOLOSA

Bizikleta martxa egin dute Leonen zendutako bikotearen omenez

Gipuzkoako txirrindulari elkarte guztiak egon dira presente igande honetan Tolosan, Leonen zendutako Villabonako bikotearen omenez egin den omenaldian. 500 lagun inguruk hartu dute parte ekimenean eta bertan izan dira Beñat Txoperena eta Gorka Izagirre, besteak beste.

500 txirrindulari inguru elkartu dira omenaldian. (Jon URBE/FOKU)
500 txirrindulari inguru elkartu dira omenaldian. (Jon URBE/FOKU)

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatu du asteon Leonen zendu den Villabonako bikotearen omenezko ekitaldia. Aipatu elkartearen kide da Orats, bere gurasoen heriotza eragin zuen istriputik bizirik atera zen 12 urteko umea.

Aitor Ayerza omenaldiko antolatzaileetako batek Efe albiste agentziari azaldurakoaren arabera, kadete mailako lasterketa baten aurretik egin dute bizikleta martxa. Ekimen honen bidez, txirrindulariek errepidean bizi duten segurtasun eza salatu nahi izan dute.

16.00ak aldera abiatu da martxa Amarozko auzotik, eta 500 txirrindulari inguruk hartu dute parte. Bost kilometro inguruko zirkuitu bat egin dute txirrindulariek, elkarrekin, eta bertan izan dira, besteak beste, Beñat Txoperena, Aitor Gonzalez, Gorka Izagirre edota Peio Goikoetxea txirrindulariak. Era berean, Gipuzkoako txirrindulari elkarte guztiak izan dira presente omenaldian.

Iragan ostegunean jazo zen istripua, Leonen. Alkoholemia kontrolean positibo eman zuen gizonezko batek harrapatu zuen bikotea eta euren 12 urteko semea, senar-emazteen heriotza eraginez. Txirrindulariak autoarekin harrapatu eta ihes egin zuen gidariak, baina 15 kilometro ingururen ostean atxilotu zuten.

Behin atxilotuta, bost delitu egotzi –bi hilketa, lesio larriak eragin izana, laguntza ukatu izana eta bide segurtasunaren aurkakoa– eta espetxera bidali zuen epaileak.