Haritz LARRAÑAGA

Lapurdiko hondartzetako uraren kalitatea, lehen mailako buruhaustea

Uda, oporrak, eguzkia eta hondartza. Zer gertatzen da, ordea, eguzkiaren ordez euria nagusitzen bada eta kutsaduraren ondorioz bainua hartzea ezinezko bihurtzen bada? Lapurdiko hondartzetako uraren kalitatea dela-eta ika-mika sortu da. Nola konpondu arazoa?

Zenbait arlotako eragileak batzen ditu uraren gaiak. Horietako bakoitzak bere ikuspuntua du, jakina; mutur batean herriko etxeak daude, bainua baimentzeko edo galarazteko eskumena dutenak, eta beste muturrean mugimendu ekologistak daude, uraren kalitatea neurtzeaz harago kutsadura nola sortzen den aztertu behar dela diotenak. Hondartzak itxita edo irekita mantendu behar diren erabakitzeko orduan osasun irizpideen gainetik irizpide ekonomikoak gailentzen diren ustea oso hedatua dago hiritarren artean. Edonola ere, herriko etxeez gain, egun eragile anitz ari dira lanean eremu berean.

Euskal Elkargoak aurten lehendabiziko aldiz bere gain hartu du edateko ur horniduraren eta saneamendu uren eskumena eta arlo horretan zenbait proiektu bultzatu ditu; esate baterako, hondartzetako uraren kalitatea neurtzeko kanpaina bat edo Biarrizko ur biltegia handitzeko lanak. Urrats horiek eta beste zenbait eremutan hartutako erabakiek ingurumenarekiko sentsibilizazio bat badagoela erakusten dute, baina nola kudeatu horrelako arazo bat baliabide gutxi direnean?

«Klimak agintzen du»

Maiatzaren 30ean Jeane-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak eta Lapurdiko kostaldeko herrietako auzapezek hondartzetako uraren kalitatea neurtu eta jarraipen iraunkor bat egiteko egitasmo bateratu bat aurkeztu zuten Bidarten. Uraren kalitateak ekonomian duen garrantzia azpimarratu zuen lehendakariak, zeren «hondartzek milaka turista erakartzen dituzte», eta hain zuzen ere horregatik, «bainua baldintza onetan har dezaketela bermatu» behar dela nabarmendu zuen.

Bainua baldintza onetan hartzeko, aldiz, uraren kalitate ona ziurtatu behar da, eta hori zail bilakatzen da, batez ere eurite eta ekaitzen ostean. Emmanuel Alzurik, Bidarteko auzapez eta Lapurdiko hondartzetako uraren kalitate azterketen arduradunak, bitarteko guztiak ezarri arren uraren kalitate ona beti ezin dela bermatu aitortu zuen prentsaurreko berean; izan ere, «gure hondartzak ibaiak itsasoratzen diren eremuetan daude eta euri jasen ostean kostaldeko ura kutsagarri bilaka daiteke».

Auzapez, teknikari zein sektoreko langileak ados ziren gauza batean, «klimak agintzen du». Hala ere, Michel Veunac Biarritzeko auzapeza itxaropentsu zen, zeren «gure kostaldean uraren zikloa osorik ulertzea lortu dugu eta egun dugun erronka garrantzitsuena eboluzio klimatikoa zein norabidetan doan asmatzea da, horrela, eman beharreko pausoak finkatu ahal izango baititugu». Hortaz, sor daitezkeen arazoak aurreikus daitezke, baina ez ekidin.

 

Baliabideak eta plan integral bat

Maiatz eta irail artean, egunero goizeko lauretan hartzen dituzte ur laginak Lapurdiko 23 kilometroko esparruan diren 35 bainu eremuetan. Analisiak egin ostean, uraren kalitatea zehaztu eta egunean zehar uraren kalitateak izan dezakeen bilakaera aurreikusteko programa batekin txosten bat eratzen dute. Emaitzen arabera, hondartza bakoitzean bainua segurua den erabakitzea herriko etxeei dagokie.

Horrez gain, “Kosta Garbia” izeneko ontziak Lapurdiko kostalde osoa zeharkatzen du itsas azalean diren hondakinak biltzen, eta egunero 15 tona zabor biltzen ditu. Beraz, itsasoa garbi mantendu eta kalitatearen jarraipen zehatz bat egiteko bitartekoak ezartzen dira, baina kostaldeko ura gehien kutsatzen duena ibaietatik datorren ura da.

Itsasora doan ibaietako ura garbitzeko biltegiak ezartzen dira, baina Lapurdiko biltegi guztiek gainezka egiten dute euri-jasa bortitzen ondotik. Biarritzen baziren lau biltegi, baina ekainaren 19an beste ur biltegi bat estreinatu zuten. Horrela, uztailean martxan jarriko duten bosgarren ur biltegiak 50 metroko luzera eta 15 metroko zabalera du (4.000 metro kubo) eta 6,8 milioiko kostua izan du. Irekiera hitzaldian onartu zutenez, «beharrezkoa da, baina oraindik motz geratzen da». Azken helburua itsasora bota aitzin ur guztia aurrez tratatua izatea da, baina arazoa da ekaitz indartsu edo euri jasa baten ostean hondakin-urak tratatzeko plantak bete egiten direla.

Alain Iriart ur saneamenduen ardura duen Euskal Elkargoko ordezkariaren iritziz, «itsasora bota aitzin, ur zikinen tratamendua ongi egitea da arazo handiena» eta horri aurre egiteko eragile guztiak batzea oso garrantzitsutzat jotzen du: «Euskal Elkargoaren sorrerak auzapez guztiak elkartu eta arazoari modu integralean erantzuteko aukera eskaini du; 2020. urtera itxaron gabe, gaurdanik bakoitzak bere eremutik eragin dezake, kostaldean zein barnealdean, guztiak norabide berean goaz».

Baliabide teknikoei dagokienez, 185 milioi euroko aurrekontuarekin ahalik eta gauza eraginkor gehien egitea dute helburu. Hori dela eta, euri-ura eta ur zikinak bereiziko dituen dinamika bat sustatuko dute. «Printzipio horretatik abiatuta, aurrerantzean egingo diren lanetan bereizketa egiteko bitartekoak ezarri beharko dira, bai etxeak egiteko, edozein eraikuntza lan egiteko, baita egun lanean diren araztegiak egokitzeko ere; ekipamendu oro egokitu beharko da, zerutik datorren ura eta ur zikina bereizteak ur-biltegi eta araztegien lana asko erraztuko baitu».

Produktu kimikoen auzia

CADEk, ingurumenaren defentsarako elkarteak biltzen dituen kolektiboak, azpiegiturak ez direla aski eta kutsaduraren iturria aztertu behar dela salatzeaz gain, araztegiek egiten duten lanaren eraginkortasuna ere zalantzan jartzen dute. Beren esanetan, «hondakinak aztertzerakoan soilik materia fekala hartzen da kontuan, baina ez dira aztertzen, esaterako, detergente edo pestizidek izan ditzaketen osagai kimiko kutsagarriak». Osagai kimiko horiek ez dira aintzat hartzen egun hondartzetan egiten diren azterketetan, baina gero eta presentzia handiagoa dute kostaldeko uretan. Orain arte litroko zenbat nanogramo osagai kimiko zeuden neurtzen zuten CADEko kideek, baina egun litroko dagoen miligramo kopurua neurtzen dutela ohartarazten dute; hau da, uraren kutsadura kimikoa neurtzeko mila bider handiagoa den unitatea.

Uretan disolbatzen diren produktu kimikoek duten eragina argi ikusten da Biarritzeko Hondartza Handian, itsaski bortitzak direnean apar zuriz estalia agertzen baita. Apar hori uretan dauden osagai kimikoak astintzetik sortzen da, bainuontzian aparra sortzeko eragiten den xaboia bezala.

Mugimendu ekologistak dioenez, osagai kimikoen aferari ez zaio behar bezalako garrantzirik ematen, baina hau ohartarazi dute: «Bainularien eta itsas kirolak praktikatzen dituzten lagunen artean gero eta ohikoagoak dira produktu kimiko hauen ondorioz sortutako gaixotasunak, hala nola, infekzio otorrinolaringologikoak, azalekoak edo gastrointestinalak».

Ondorioz, ez dute bat egiten ordezkari politikoek aurreko denboraldiez egiten dituzten balantze positiboekin. Egun, Lapurdiko 31 hondartza «kalitate bikaineko» bezala izendatuak daude eta beste 4 hondartzek «kalitate on» izendapena jaso dute. CADEk, ordea, hondartzak maiz itxi behar izaten direla ikusita, izendapen hauek zalantzan jartzen ditu eta bi puntu beltz seinalatzen ditu. Bata Biarritzeko Kai Zahar hondartza eta bestea Bidarteko Uhabia hondartza, iaz kutsadura kasu gehien izan zituzten guneen artean aurkitzen direla baitiote.

 

Piarres Larzabalgo ikasleek egin dute uda sasoi honetako lehen zabor bilketa

Azken sei urteetan egin bezala, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko 70 ikasle Zokoko hondartza garbitzen jardun ziren ekainaren 26an. «Biologian uretako fauna eta flora ikasten dute eta Teknologian araztegien funtzionamendua aztertzen dute. Beraz, urte guztian landutakoarekin zerbait praktikoa egiteko molde merke bat topatu genuen eta, gainera, baimenak eskuratzea oso erraza da», azaldu zuen Amaia izeneko irakasleak.

Batzuek harea bereizteko iragazkiekin ekin zioten hondartza garbitzeari, eta besteak, arroketara abiatu ziren itsasoak ekarritako soberakinak jasotzera. Turisten artean ziren haurrek galdera anitz erantzun behar izan zituzten, baina ikasle batek zioen moduan, «guztiek diote egiten duguna bikaina dela eta batzuek lagundu ere egiten digute». Arroketan itsatsiriko gurpilak eta antzeko tramankuluak askatzen ere nahikoa lan izan zuten, baina botatako izerdiak merezi izan zuen, horren ostean mokadutxoa jan eta itsasoan bainatzeko aukera izan zuten eta.

Ikasturteko honetako azken egunari amaiera emateko uda sasoi honetako lehen zabor biltzea egin zuten, beraz, Ziburuko ikastolako haurrek. Pilatutako zakar poltsak kolegiora eraman, eta han, soberakinak sailkatu eta aztertu ostean, formularioa bete zuten, datuak Surfrider fundazioari igortzeko, horiek arduratzen baitira udan zehar egiten diren antzeko ekimenetan bildutako zaborren datuak bildu eta kudeatzeaz. H.L