naiz

Japoniaren aurka markagailua irauli eta hautagaitza aurkeztu du Belgikak (3-2)

Final zortzirenetan Japoniari nagusitu egin zaio Belgika, bigarren zatiaren hasieran jasotako bi golak berdindu eta 94. minutuan markagailua irauli ostean. Brasil izango du aurkari finalerdietan postu baten bila. (Partidak, markagailuak, albisteak... txapelketaren webgune berezian)

Fellainik, atera eta berehala, Belgikaren bigarren gola egin du. (Filippo MONTEFORTE / AFP)
Fellainik, atera eta berehala, Belgikaren bigarren gola egin du. (Filippo MONTEFORTE / AFP)

Lehen fasean txapelketako talde sendoenetako baten gisa aritu da Belgika. Hazarz, Lukaku, De Bruyne, Witsel, Courtois edo Kompany bezalako jokalariak selekzioari aspalditik eskatzen zitzaion maila ematen ari ziren, eta faborito argi gisa aurkeztu dira Japoniaren aurrean final zortzirenetan.

Hala aritu dira lehen zatian. Baloia haiena izan da eta japoniarrak kontragolpean arriskua sortu asmoz atzean sartu dira, berdinketa defendatuz. Belgikak kontrolpean zuen partida, baina ez da aukera garbirik sortzeko gai izan. Eta garesti ordaindu du atsedenalditik bueltan.

Ideia berarekin atera dira Roberto Martinezen jokalariak bigarren zatian, baina hirugarren minutua betetzerako kontraeraso horietako batean saria topatu du Japoniak. Genki Haraguchik Vertongenen akatsa baliatu du eta baloia ederki gurutzatu du Courtoisen aurrean.

Kolpe handia izan da Belgikarentzat, baina ongi erantzun dio eta hurrengo jokaldian Hazard berdintzeko zorian egon da. Haren baloia, ordea, zutoinera joan da zuzen-zuzenean. Eta berdinketaren bila Japonia bere zelaian itxiko zutela zirudienean, Eibarreko jokalari ohi Takashi Inuik bigarren kolpea eman du. Area ertzean baloia hartu eta ederki jarri du zutoinaren ondoan, Chelseako atezainaren saiakera ezer ezean utziz.

Bigarren zatiko seigarren minuturako bi gol aurretik kokatu dira japoniarrak eta Belgikari kosta egin zaio altxatzea. Hala ere, aukerarik zailenean murriztu ditu aldeak. Korner baten osteko jokaldian, Vertongenek, urrutitik eta tarte gutxirekin burukada itzela jo du eta atezainaren gainetik baloia saretara bidali du. Aurretik 20 minutu eta gol baten beharrean zeuden Martinezen jokalariak.

Baina ez dute gehiegi itxoin behar izan. Bigarren zatian Fellaini zelairatu du entrenatzaileak, goian baloiak borrokatu asmoz, eta arrakasta izan du. 73. minutuan, Hazarden erdiraketa bikain bati errematea jarri dio erdilariak eta partida berdindu egin du.

Eta bazirudien partida horrela iritsiko zela 90 minutuen amaiaerara. Eta 90 minutuak igarota iritsi da azken gola. Japoniak aldeko kornerra zuen, eta bazirudien hor amaituko zela partida. Ez dute errematatzen asmatu eta Belgikak kontraeraso bikaina antolatu du, eta Chadiik hirugarrena egin du 94. minutuan. Hor amaitu da partida.

Brasil izanen dute aurkari final laurdenetan.