GARA
IRUÑEA

Ontzi berrerabilgarriak izango dituzte Nafarroan udako jaietan

Sanjoanetan Leitzan izan zen lehen aldia. Bertan mila lagunetik gora elkartzen dira plazan elkarrekin afaltzeko. Lehen aldiz ontziteria berrerabilgarria izan zuten, ohikoak diren plastikoen ordez.

Aldaketa hau Nafarroan onartu berri den Hondakin Legeak ezartzen dituen irizpideek ekarri dute eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoko Prebentzio eta Ekonomia Zirkularraren eta Nafarroako Gobernuaren ekimenez abiatu da. Hala, 2020. urtetik aurrera plastikozko ontziak debekatuko dituzte.

Gauzak horrela, elkarte, udal eta kontzejuek euren ospakizunetako bazkari eta afarietan erabiltzeko ontzi hauek izango dituzte eskura. Plater sakona, plater zapala, entsaladarako bola, erretilu sakona, altzairuzko tresnak (koilara, koilaratxoa, sardea eta labana), edalontzia, kaferako kikara eta ura zerbitzatzeko txarroak osatzen dute Nafarroako jaietara eramango duten sorta.

Dagoeneko 12.000 pertsonarentzako otorduak zerbitzatzeko eskariak dituzte, Nafarroa osoko 25 festa baino gehiagotan. Uztail, abuztu eta iraileko herriko jaietan ez ezik, urrian Nafarroa Oinezen erabiliko dira ontzi hauek.

Horiek eskuratzea dohain da eta jaietako antolatzaileek garraioa, garbiketa eta izan daitezkeen galerak edo kalteen ardura baino ez dute hartu behar. Varazdin Fundazioak banatuko ditu ontziok. 70 lagunek egiten dute lan enpresa honetan.