naiz
Larrasoaña

Ezkabatik ihes egin zuten lau pertsonaren gorpuzkinak lurpetik atera dituzte Larrasoañan

Larrasoañako hilerriaren alboko hobi batean, 1938an Ezkabako gotorlekutik ihes egin zuten lau pertsonaren gorpuzkinak aurkitu dituzte. Inguru hauetan 50 lagun fusilatu zituztela kalkulatzen du nafar Gobernuak, eta 17 aurkitu dituzte dagoeneko. Guztira, herrialde guztian, 72 dira nafar Gobernuak atera dituen gorpuak. 89 urteko emakume baten testigantzari esker aurkitu dituzte.

1938an Ezkabatik ihes egin zuten lau lagunen gorpuzkinak lurpetik atera dituzte Larrasoañan. (Idoia ZABALETA / FOKU)
1938an Ezkabatik ihes egin zuten lau lagunen gorpuzkinak lurpetik atera dituzte Larrasoañan. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Nafar Gobernuak, Bake, Elkarbizita eta Giza Eskubideen zuzendaritzaren bitartez, frankismoaren lau biktimaren gorpuzkinak lurpetik atera ditu Larrasoañan. Hobia herriko hilerriaren kanpoaldean zegoen. Lauak Ezkabatik ihes egin zuten lagunen artean aurkitzen dira.

Hauekin, dagoeneko 72 dira nafar Gobernuak atera dituen gorpuak, 17 lan desberdinetan. Kasu honetan, lau gorpu hauek 89 urteko Paulina Lizoain Larrasoañako bizilagunaren testingatzari esker aurkitu dira. Haurra zenean gertatutakoa bizi izan zuen, eta Esteribar bailaran indusketekin hasi zirenean bere testigantza eman nahi izan zuen.

Bailara honetan, zeinetan 1938ko Ezkabako gotorlekuko ihesaren ibilbidea jarraitzen duen GR-225 ibilbidea prestatu eta aurkeztu duten aurten, 50 lagun inguru fusilatu zituztela kalkulatzen da. Hauetatik, Usetxin hiru atera dituzte, Urdanizen beste hiru, Urtasunen bost eta Leranotzen ere bi aurkitu dituzte dagoeneko. Hauei, gaurko lauak gehitu behar zaizkie. Beraz, oraindik 33 pertsonaren gorpuak daude aurkitzeke zonalde horretan.