NAIZ
DONOSTIA

Euskara lan hizkuntza nagusia bilakatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskararen erabilera normalizatzeko VI. plana onartu du. Euskara lan hizkuntza nagusia bilakatzea du helburu, hiru printzipio uztartuta: hizkuntza hautuaren askatasuna, hizkuntza berdintasuna eta justizia soziala.

Garbiñe Mendizabal eta Markel Olano, euskararen normalizaziorako planaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Garbiñe Mendizabal eta Markel Olano, euskararen normalizaziorako planaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak aurkeztu dute Euskararen erabilera normalizatzeko VI. plana, 2018-2022 urteetako jarduna arautuko duena. Azaldu dutenez, lehen aldiz Aldundiko hainbat langileren iradokizunak jaso dituzte «partaidetza prozesu emankor» bat eginda.

Erabaki horren oinarrian «hizkuntza berdintasunaren bidean sakontzen jarraitzeko determinazioa» dagoela nabarmendu dute, eta hortaz Foru Aldundia «proaktibo» izango da euskara erakunde horretan «lan hizkuntza nagusia izan dadin».

Olanok esan duenez, Aldundiak egun herritarren hizkuntza eskubideak «bermatu» egiten ditu, «herritarra baita harremanetarako hizkuntza hautatzen duena eta langileak hautu hori errespetatu egiten du». Langa hori gainditu eta zerbitzu hizkuntza izatetik euskara lan hizkuntza izan dadin indar egitea erabaki du erakundeak. Horretarako, plangintzak hiru printzipio uztartzen ditu: «hizkuntza hautuaren askatasuna, hizkuntza berdintasuna eta justizia soziala, alegia, euskarak makina bat urtetan jasandako erasoak eta diglosia egoera orekatzeko beharra».

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak berriki egindako neurketen arabera, euskararen ezagutza maila «altua da langileen artean, %80tik gora baitaki euskara ongi edo oso ongi eta, gainera, hizkuntza eskakizunen bat esleituta duten lanpostuetako langileen %80k baino gehiagok baitauka dagokion hizkuntza eskakizuna edo altuagoa. Beraz, oro har, Aldundiko langileriak euskara maila ona du».

Hori horrela izanagatik, erabilera oraindik ez da «maila berekoa», Olanok ohartarazi duenez. Esan duenez, neurri handi batean hori «lan dinamikekin lotuta» dago eta ohitura horiek dira, hain zuzen, «aldatzeko bidean jarri nahi ditugunak, betiere, euskaraz funtzionatuko duen erakundea helburu izanik». 

Partaidetza prozesua

Hala, Aldundia «proaktibo» izango da, euskara lan hizkuntza izan dadin, «euskaraz egin daitekeena euskaraz eginda, bilerak, dokumentuak euskaraz sortuta, prestakuntza euskaraz emanda, internet eta baliabide informatikoetan, jendaurreko ekitaldietan, etab». 

Partaidetza prozesuari dagokionez, Mendizabalek azaldu du departamentu guztietako «hainbat teknikariren, sindikaturen eta ordezkari politikoren iradokizunak» jaso dituztela. Partaideak «103 teknikari izan dira (A eta B sailkapen taldekoak); 56 emakume eta 47 gizon».

Hortik abiatuta, 23 ekarpen hartu ditu Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak, batzuk «araubidearekin lotutakoak eta beste batzuk, aldiz, planaren aplikazioarekin erlazionatutakoak».

Datozen urteotan «%100era gerturatuko gara Aldundiko langile euskaldunei dagokienez; baina, esan bezala, euskara lan hizkuntza bihurtu behar dugu, herritarren bizikidetza hobetzeko jomugari eutsi diezaiogun», bukatu du Markel Olanok.