naiz

Deskargako lanen %60 egina dago eta 2019ko martxorako amaitzea espero da

Deskargako obraren %60 egina dagoela jakinarazi dute Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak, gaur lanetara egin duten bisitan. Olanoren hitzetan, errepide honek «eragin nabarmena izango» du lurraldearen ekonomian eta lehiakortasunean, Urola, Goierri eta Debagoiena lotuko baititu.

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua, Deskargako obrak ikuskatzen egon dira. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua, Deskargako obrak ikuskatzen egon dira. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua, Deskargako obrak ikuskatzen egon dira gaur goizean. «Exekuzio epearen bi heren igaro dira, eta obraren %60 baino gehiago dago egina. Beraz, espero dugu autobia aurreikusitako epeetan, 2019ko martxoan, amaitzea», azpimarratu du Olanok.

Ahaldun nagusiaren hitzetan, errepide honek «eragin nabarmena izango» du lurraldearen ekonomian eta lehiakortasunean, Urola, Goierri eta Debagoiena lotuko baititu, «eta jakin badakigu zein garrantzitsuak diren hiru eskualde horietako industria, enpresak eta unibertsitateak».

16 hilabete eta erdi igaro dira obrak hasi zirenetik. «Errepide honek, Gipuzkoan gaitasun handiko errepide sare moderno bat izaten lagunduko du, gaur egungo gizarteak eskatzen dizkigun erronka ekonomiko eta logistikoei aurre egiteko prestatuta egongo dena», gaineratu du. Zentzu horretan, 582.000 metro kubiko lur erauzi direla, 19.000 metro kubiko hormigoi armatu eta 2.900.000 kilo inguru altzairu erabili direla jakinarazi du.

«Horrek guztiak erakusten digu zer tamainako obra egiten ari garen» adierazi du obraren ardura duen diputatuak, Aintzane Oiarbidek. Era berean, sostengu neurrien auskultazio kontrol zorrotzak egiten ari direla azpimarratu nahi izan du. «Horregatik, instrumentu asko jarri dira, inguru horretako ezponden eta irristadura historikoen jarraipena egiteko, hala nola 19 inklinometro, 9 piezometro, 37 karga zelula eta 50 mugarri topografiko».

Amaitzeko, Bide Azpiegituretako diputatuak ingurumen neurri zuzentzaile asko gauzatu direla nabarmendu du. «750 zuhaitz autoktono landatu dira, 140 igokari eta 160 sahats aldaxka. Bestalde, 61.000 metro karratu hidroerein dira eta 1.000 tona konpost erabili dira landare lurrean. Hori guztia, ingurumena birziklatze teknikak baliatuz zaintzeko eta ingurumen inpaktua txikitzeko helburuarekin».