Iñaki Igerategi suhiltzailea 2012ko otsailean atxilotu zuten; Auzitegi Nazional espainolak sei urteko kartzela eta inhabilitazio zigorra ezarri zion eta kondena osorik beteta atera zen espetxetik, joan zen otsailean.
2012ko otsailaren 21etik lan jardueraren behin behineko etenaldi egoeran egon da andoaindarra, behin betiko epaia jaso zuen arte. LABek azaldu duenez, behin betiko zigorra jaso zuenean, Igerategik berak, 2015eko maiatzaren 4an, sarrera eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiko erregistroan epaiari.
Sindikatuak salatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak «sententzia hori esku artean dauka, baina ez du horrelako gaien inguruan dagoen jurisprudentzia kontuan hartu». Izan ere, azaldu duenez, Igerategi ez da zigorra bete ondoren bere lanpostura itzuliko litzatekeen lehen langilea. «Aldundiak hartu zezakeen erabakirik okerrena hartu du eta Iñaki kale gorrian utzi du, bere lanpostua eskuratzeko duen eskubidea babestu beharrean», gaitzetsi du.
ETAren desegitearen ondoren presoen eta iheslarien auzia mahai gainean dagoela, Pedro Sanchez espainiar presidenteak berak «urratsak ematen hastea» erabaki duela gogora ekarri du LABek. «Presoak eta iheslariak etxera bueltatu behar dira, lanera itzuli behar dira. Beren lanpostuak berreskuratu behar dituzte», aldarrikatu du.
EAJk sakabanaketarekin bukatu behar dela dioen bitartean, Igerategiren kasuan «kontrako ebazpena» eman duela kritikatu du sindikatuak. «Madrilek zigor bat ezarri zion Iñakiri, bere zigorra bete du eta etxera bueltatu da. Eta orain Markel Olanok Madrilek ezarri ez zion zigorra erantsi dio».
Mobilizazioak
Egoera horren aurrean kaleratzerik ez duela onartuko nabarmendu du LABek. Mobilizazioekin hasiko dela iragarri du, bide juridikoa jorratzearekin batera.
Gaur elkarretaratzea egin du, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Donostian.