Euskal Herria Kirola egitasmoak antolatzen duen Euskal Herria Txapelaren bigarren edizioko finala Irungo Gal Stadium-ean jokatuko da. Gaur aurkeztu dute abuztuaren 4ean, larunbata, arratsaldeko 18.15etatik aurrera ospatuko den norgehiagoka.
Oraingo honetan Reala eta Athletic izango dira finala jokatuko duten bi taldeak, azken denboraldiko ligako euskal derbietan puntu gehien lortu dituztenak izan baitira.
Joan den urtean Alavesek eta Athleticek neurtu zituzten indarrak Barakaldon, baina partida ezin izan zuten bukatu minutu gutxi batzuen faltan epaileak norgehiagoka bertan behera utzi baitzuen. Izan ere, jokalarien artean eta epailearen aurka ere, giroa nahastu egin zen markagailuan berdindurik zeudenean (2-2).
Sarrerak interneten eros daitezke dagoeneko eta uztailaren 23tik aurrera salgai izango dira Realaren dendetan Donostian, Ibaiganeko bazkideen arreta bulegoan Bilbon eta Irungo Gal Stadiumean.
Sarreren prezioak zeintzuk izango diren ere ezagutarazi dute. Azaldu dutenez, 20 eurokoak izango dira sarrerak alboetako harmailetan, 10 eurokoak fondoetan eta 5 eurokoak 16 urte baino gutxiagoko gazteentzat. Partida ikustera joaten direnak autoak doan aparkatzeko aukera izango dute, Fitur parkinean.