NAIZ
BILBO

Alonsotegikoa kasu isolatua ez dela adierazi eta EAJren gobernu eredua salatu du EH Bilduk

Fiskaltzak Alonsotegiko hainbat kargu politiko, tekniko eta enpresariren aurkako salaketa aurkeztu ondoren, EH Bilduk salatu du herri horretan gertatutakoa ez dela kasu isolatua eta EAJk «euskal herritarroi eskaintzen digun gobernu eredua» arbuiatu du. 

Alonsotegiren inguruan agerraldia egin du EH Bilduk. (@EHBILDUBIZKAIA)
Alonsotegiren inguruan agerraldia egin du EH Bilduk. (@EHBILDUBIZKAIA)

Azken egunotan Alonsotegiko EAJren kargu desberdinen inguruan plazaratutako informazioen inguruko irakurketa egiteko agerraldia egin du EH Bilduk. Koalizioak azpimarratu du «urte luzeak» daramatzala herri horretako Udalean EAJk egiten duen «kudeaketa txarra eta, kasu askotan, legez kanpokoa» salatzen. 

Gogoratu dutenez, 2014an aurkeztu zen lehen salaketa, Alonsotegi Eraikizen inguruan egon ziren irregulartasunengatik eta, bigarrena, 2016an, zortzi urte lehenago Ñ izeneko planaren baitan egin ziren «obra faltsuak salatzeko». Iragan maiatzean Fiskaltzarengana jo zuen EH Bilduk hirugarren salaketa bat aurkezteko, «prebarikazio delitua izan zitezkeen egitate batzuen berri ematera».  Zantzuak aztertu eta Fiskaltzak berak ere salaketa aurkeztu duela gaineratu dute. 

Barakaldoko Instrukzioko 4. epaitegiak Udaleko kargu politiko, tekniko eta enpresari batzuen aurkako auzi penala abiatu du, ustezko prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, administrazioaren aurkako delitua eta faltsifikazioak ikertzeko.

Koalizioak azaldu du, Jose Luis Erezuma alkate ohiak eta salatutako beste pertsona batzuek, «ustez beraien artean adostuta», 2011ko azaroan izan ziren euriteak baliatu zituztela burutu ez ziren obra batzuen truke Aldunditik 600.000  euroko diru-laguntza jaso eta «enpresa jakin batzuei onura ekonomikoa emateko». 

«Obra hauek ez ziren inoiz egin, baina arkitektoari, aparejadoreari eta konstruktorari lanak ordaindu zitzaizkien. Guztira 700.000 euroko kostua izan zuten», nabarmendu du Onintze Oleaga batzarkideak. 

EH Bilduren arabera, hiru txostenen helburua Aldunditik laguntza jasotzea izan zen, Udalak enpresa horiekin zituen zorrak ordaindu ahal izateko, horretarako «tekniko ezberdinek eginiko informe faltsuez baliatuta». 

Aurrez Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban alkate ohien salaketa ere jarri zuela gogoratu ondoren –iragan larunbatean eman zen haien auziperatzearen berri–, EH Bilduk adierazi du Alonsotegikoa ez dela kasu isolatua eta EAJren gobernu eredua kritikatu du. 

«Aspalditik ohartarazi dugu alderdi honetako zenbait kidek instituzio desberdinetan izan duten kudeaketa eredua herriaren interesen kontrakoa dela eta ez soilik interesen kotrakoa, deliktiboa ere kasu batzuetan», esan dute koalizioko kideek, Bakio, Karrantza, Berriz edo Erandion ere azaleratu diren kasuei aipamena eginez. 

Politika egiteko modu honen aurrean «benetan arduratuta» daudela aitortu du Oleagak eta ohartarazi du EH Bildu «aurrerantzean ere diru publikoaren erabilera deliktibo eta interesatuaren kontra dituen tresna guztiekin jardungo duela».