Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa
Julen Dlion
Grebalaria

«Treneko langileen borroka azalduko da Baionako bestetan» . julien delion (grebalaria)

Santespiritu auzo herrikoia da. Izan ere, hirigintza plana dela medio, bere aurpegia –agian arima ere bai– aldatzen ari da. Eraberritze lanak bururaturik, auzoa Baiona Handiarekin lotzen duen zubiak bere dotorezia berreskuratu du. Alta, tram’bus zerbitzua garatzeko lanek luze joko dute. Makinak hor dabiltza, St-Ursuleko eremua itxuraldatzen eta, bide batez, bizilagunen belarriak egunero astintzen.

Julien Delion 9.30ak jota direla sartu da Monte Carlo ostatuan. 37 urteko trenbideetako langileak, ezinbestean, geltokiari begira dagoen tabernan eman digu hitzordua. 40 eguneko langa gainditu duen greba mugimendua nola uztartuko den bestarekin azaldu digu, kafe baten bueltan. «Egiari zor, martxoaren 22an zabaldu zen greba mugimenduak indarra galdu du, hainbat sindikatuk udan protesta etetea erabaki dutelako. Gure ustez, ordea, beste molde batean bada ere, mobilizazioa hauspotzen jarraitu behar dugu, gure helburuak ez ditugulako lortu!».

Bestetako tren zerbitzua galtzear

Greba hasi zenetik, «xeminotak» (treneko langileak) maiz ikusi ditugu karriketan. Ipar Euskal Herrian beste hainbat mugimendurekin egin dute topo. Erietxeetako eta EHPAD zahar egoitzetako langileen edo saltoki handietako beharginen ondoan azaldu dira. Berriki Larrun Ez Hunki! kolektiboarekin jardun zuten, Saran, eta Baiona-Garazi tren zerbitzua hobetzeko beharra irudikatzeko ekimena burutu zuten Nafarroa Behereko hiriburuan. Baionako besten garaian, gaurtik larunbatera arte greba deialdia egin dute.

«Bestetako trena eraginkorra zen, baina zerbitzua murriztuz joan da eta aurten bi tren baizik ez dira gauean», azaldu digu. Julienek zerbitzu publikoa aldarrikatzen du, irmoki. «59 urte eta erdirekin erretiratuko naiz, baina 17rekin hasi nintzen eta gauez egiten dut lan; iaz, 12 asteburu baizik ez nituen etxean pasa, eta jaiegunetan, Eguberria barne, lan eginda. Hori pribilegioa da Macron errege handiaren ustez!». Bestetan «familia giroan» ibiliko da, «semeari erakutsiz inportantea dela karrika dinamiketan inplikatzea». Halere, denbora aterako du «Etchegaray errege txikiari erakusteko bestak pribatizatzeko bere asmoa ez datorrela bat ateak zabalik dituen hiri honekin».