NAIZ

Astelehenetan jokatuko ditu Athleticek ligako lehen partidak San Mamesen

Leganesen kontra bezala, Huescaren aurka astelehenean jokatuko du Athleticek San Mamesen abuztuaren 27an. Gaueko 22.00etatik aurrera hasiko dira partidak eta zale zuri-gorrien kexak areagotu egin dira sare sozialetan ligako arduradunen erabakia ezagutu ondoren.

Zuri-gorriek azken lan saioa egin dute ostiral honetan Herbereetako De Lutte herrian. (@AthleticClub)
Zuri-gorriek azken lan saioa egin dute ostiral honetan Herbereetako De Lutte herrian. (@AthleticClub)

Telebista eskubideengatik 60 mlloitik gora jasotzen ditu Athleticek eta partiden ordutegiak erabakitzeko aukera ematen diote ligako arduradunek. Aurten Europako txapelketetan parte hartuko ez duela jakitun, partida mordoa astelehenetan jokatzea aurreikusten zuten zaleek eta lehen bi partidak horrela izango dira.

Leganesen kontrakoa abuztuaren 20ean izango da eta Huescaren aurkakoa abuztuaren 27an. Biak gaueko 22.00etatik aurrera. Aste Nagusitik kanpo jokatuko da bigarren partida, festa giroa harmailetatik kanpo utziz. Argi geratu da telebistako arduradunek beren interesak bakarrik kontuan hartzen dituztela ordutegiak zehazterakoan eta ez diotela jaramonik egiten klub, zale edo hiri batean partida egunetan izan daitekeen giroari.

Erabakia ez da batere gustokoa izan hainbat zalerentzat eta bigarren partida ere astelehenean jokatuko dela ezagutu bezain laster kexak areagotu egin dira sare sozialetan.

Azken lan saioa Herbereetan

Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko jokalariek aurredenboraldiko prestakuntzarekin jarraitzen dute eta ostiral honetan azken lan saioa egin dute Herbereetan. Larunbatean adiskidantzazko txapelketa jokatuko dute Alemanian eta igandean Euskal Herrira bueltatuko dira.