NAIZ

Konponbidearen agendan aurrera egiteko, mobilizazioaren beharra azpimarratu du Etxeratek

Euskal kostaldeko hainbat hondartzatan elkarretaratzeak egin dituzte igande eguerdi honetan Etxeratek deituta. Hauetan, mobilizazioaren beharra azpimarratu da, konponbidearen agendan aurrera egin eta «behingoz gehiengo batek nahi duena errealitate bilakatu dadin».

Euskal hondartzak hartu ditu Etxeratek presoen eskubideen alde aldarri egiteko. (FOKU)
Euskal hondartzak hartu ditu Etxeratek presoen eskubideen alde aldarri egiteko. (FOKU)

Euskal Herriko hondartza ezberdinetan elkarretaratzeak burutu ditu igande eguerdi honetan Etxeratek. Hauetan, dispertsio politikaren amaiera exijitu dute, «euskal preso eta iheslari politikoak, behingoz, etxean eta bizirik nahi ditugulako».

Parte hartze zabala izan dute Muskiz, Laida, Laga, Laidatxu, Lekeitio, Ondarroa, Bakio, Ea, Deba, Zarautz, Orio, Donostia, Mutriku eta Hendaian egin diren elkarretaratzeek Etxeratek arabera.

«Zoritxarrez, balizko biktimak gara oraindik [presoen] senide eta gertukoak. Astebururo, gure bizitza arriskuan jartzen jarraitzen dugu bisiten eskubidea bermatzeko. 4.000ti gora gara balizko biktima horiek», dio elkarteak hedabideetara igorritako oharrak.

Etxeratek uste du Euskal Herrian badela adostasun «sendo eta zabal bat konponbiderako premiazko agendaren inguruan». Agenda horretan kokatzen ditu euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, edota larriki gaixo daudenak askatzea. Horrekin batera, jorratu beharreko kontuak dira gradualdaketenak eta espetxe frantsesetan betetako zigor-metaketenak.

«Horregatik, mobilizazioa inoiz baino garrantzitsuagoa da, horregatik da ezinbestekoa euskal gizarteak aurrea hartzea, gizartearen gehiengo batek nahi duena behingoz errealitate bilakatu dadin», adierazi du Etxeratek.