GARA
MATARAM

Babeslekuak ez dituzte erabili nahi suntsitutako Lombokeko nekazariek

Ganadua da beren ogibidea eta Indonesiako Lombok uharteko nekazariek ez dituzte errepide bazterrean eta arroz soroetan zutitu dizkieten babeslekuak erabili nahi, lurrikarak gauza guztiak suntsitu baditu ere, ez baitute gustuko azienda zaindaririk gabe uztea.

Igande gaueko lurrikarak sekulako txikizioa eragin du Lomboken bertan eta ondoko uharte turistikoetan. Muhamad Zainul Majdi gobernadoreak onartu du esku artean dituzten baliabideak ez direla nahikoa egoerari aurre egiteko: «Gure bitartekoak mugatuta daude. Zutitu ditugun babeslekuetan medikuntzako laguntzaileak behar ditugu. Lurrikararen indarra izugarria izan da Sondako uharte txikientzat. Gure lehenengo esperientzia izaten ari da».

Lombok uharte bolkanikoa da, 4.700 kilometro koadroko azalerakoa. Baina ia zazpi gradukoa izatera iritsi zen lurrikarak erabat aldatu ditu paisaiak.

Irlako puntu batzuetan txikizioa erabatekoa da. «Guk bisitatu ditugun herri batzuk %100 suntsituta daude: etxe guztiak erori ziren, errepideak erabili ezinik geratu dira eta zubiak ere eraitsi egin dira», adierazi du Arifin Muhamad Hadi Indonesiako Gurutze Gorriko eledunak.

Salbamendu taldeek babeslekuak jarri zituzten errepide bazterretan eta arroz soroetan, baina erabili beharko lituzketen nekazariek ez dute beren etxea utzi nahi. «Indonesian lurrikararen bat gertatzen den bakoitzean dugun kontu bera da. Herritarrek beren ogibidearen ondoan bizitzen jarraitu nahi dute, ezin baitute babeslekuetara ganaduarekin joan», Hadik adierazi duenez.

Hildakoen kopuruak gora egiten segitzen du: 131 dagoeneko. Gili uharteetan zeuden turista guztiak atera dituzte bertatik.