Ibon Gaminde
Elkarrizketa
Zorion EGILEOR eta Saioa DOMINGUEZ
Pregoilaria eta Txupinera

«Inor ahaztu barik aurrera egin dugu»

Aste Nagusia hasteko bi egun bakarrik falta dira, eta aurten Zorion Egileor aktorea eta Saioa Dominguez, Aixeberri konpartsako kidea, izango dira Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera. Lehenak Aste Nagusi herrikoien sorrera bultzatu zuen, eta bigarrena, aldiz, 40 urte geroago konpartsen mugimenduan lanean ari diren belaunaldi berrien adibide dugu.

Zorion Egileor eta Saioa Domínguez. (June PRIETO / FOKU)
Zorion Egileor eta Saioa Domínguez. (June PRIETO / FOKU)

Bilboko Kon- partsek Saioa Dominguez aukeratu dute aurtengo Aste Nagusiko txupinera izateko eta Jai Batzorde Mistoak, aldiz, Zorion Egileor hautatu du pregoilari izateko. Txupinera berria 1982an jaio zen Bilbon, Biokimikan doktorea da eta minbiziaren kontrako ikerkuntzan ari da lanean. He- mezortzi urte daramatza Aixeberri konpartsan parte hartzen, jai eredu herrikoiaren alde. Eta Egileor Mundakan jaio zen, 1946an. Aktorea, konpositorea eta Herri Irratiko esataria da. 1977ko jai herrikoietan egin zen lehen kalejirako bultzatzaileetako bat izan zen Egileor.

Prest al zaudete datorrenari gogoz ekiteko?

Zorion Egileor: Bai, gogo han- diarekin, gainera. Halere, urduri ere banago.

Saioa Dominguez: Bai, noski, gogo handiagaz gainera, nahiz eta ikara apur bat ere eduki, ohore izugarria da konpartsakide batentzat txupinera izatea.

Zelan jakin zenuten zeuek hautatu zintuztetela?

Z.E.: Dei bat eduki nuen konpartsen aldetik. Dena den, ez da neure aurreneko aldia izan: aurretik izan nintzen ohorezko pregoilaria, Jose Maria Arrate pregoilaria izan zen urtean, 1998an. Baina orduan ezin izan nituen pregoilariaren «arazo» guztiak izan, antzerki jiran nenbilelako; horregatik, ohorezkoa izan nintzen. Ez nuen pentsatu inondik inora noizbait egiazko edo errealitatezko pregoilaria izango nintzenik. Horregatik, nire poza handiagoa izan zen jakitean. Gustura hartu nuen.

S.D.: Konpartsakideek erabaki eta eurek esan zidaten. Eta bai, oso-oso pozik jaso nuen berria.

Guztion begi puntuan egongo zarete hurrengo bederatzi egunetan; nola eramaten da hori?

Z.E.: Beldurrarekin eta ilusioarekin aldi berean, zer orain aurpegia biluzik daroat. Zineman edo antzerkian pertsonaia asmatuak dauzkat, baina ni-ni izatea, hori oso gaitza da. Nire papera egin behar dut eta horrek beldurra eman eta lotsatu egiten nau, baina ahalegin denak egingo ditut, irribarre handi bategaz.

S.D.: Ba, errespetu osoz, azken finean, txupinera konpartsa eta konpartsakide guztien ordezkari da, eta ardura handia da. Baina ondo egiteko gogo askogaz ere bai.

Nori eskainiko diozue aurten txupina?

Z.E.: Barru-barruan daukat nori. Lehenengoz, nire aitari. Eta baita Aitor Mazori eta Alex Angulori ere [2015ean eta 2014an hildakoak]. Lagun horiek etorriko dira nigaz bederatzi egunotan. Aitorren urteak izan dira orain dela gutxi eta Alexenak orain dela hilabete. Eta aita... aita beti izan da nire idoloa. Aitor eskuman eta Alex ezkerrean, horiek lagunduko didate... eta aitak nahi duen lekuan. Horiek izango dira nire gidak Aste Nagusian.

S.D.: Nik Bilbo osoari eskainiko diot, Aste Nagusia denontzako da eta, txupina ere denontzako botako dut, bilbotarrentzako eta kanpotarrentzako, guztiek bederatzi egun hauek topera bizi de- zaten.

Zergatik da zuentzat hain berezia Aste Nagusia? (bakarra mun- duan...)

Z.E.: Niretzat berezia da; nire ganorabakokeria bat, broma izan zena, inoiz pentsatu ez nuena egia izango zenik, 40 urte beranduago egia delako eta gero eta handiago. Amets izan zena errealitatea delako.

S.D.: Konpartsen lanari esker, Bilboko Aste Nagusian herritarren parte-hartzea oso handia da, eta hori oso nabaria da, ekintza zenbatezinak topatu daitezke, eta denak doan! Gazte, nagusi zein ume, denontzako dago zerbait. Konpartsek eskaintzen duten giro eta kolorea, beste hirietako jaietan ez da erraz aurkitzen.

40. urteurrena da aurtengoa. Nola bizi izan duzue zuek aurretik Aste Nagusia? Oroitzapenen bat kontatzeko...

Z.E.: Aste Nagusia gutxi bizi izan dut. 40 urte hauetan, uda aldera eta, hortik joan naiz, antzerki edo telebista egiten, batez ere antzerkia. Jaietan egun solte bat edo bi egon naiz, isil-isilik, lagunakaz giro osoa ikusten, barru-barruan poz handiagaz. Pentsatu genituen jaiak orain errealitatea direlako.

S.D.: Ni apur bat gazteagoa izanik, ez ditut horrenbeste Aste Nagusi bizi izan, beti bizi izan dut orain denaren antzeko Aste Nagusia, txosna piloagaz eta ekintza askogaz, nahiz eta nabaria den azken urteotan konpartsek egindako urtez urteko hobekuntza. Oso gaztetik bihurtu nintzenez konpartsakide, beti bizi izan dut jaia barrutik. Behin ezin izan genuen txosnarik muntatu eta Aste Nagusirik tristeena izan zen niretzat.

Atzera begira jarriz gero, nola aldatu da Aste Nagusia?

Z.E.: Ez da esentzian edo substantzian aldatu. Aldatu da jantzietan, lagunen aurpegietan, zahartxoagoak orain, bizimoduakaz batera aldatu da; aurreratu egin da eta ez da atzean gelditu. Baina antzinako zaporea mantendu egin da. Progresista izateko atzekoa jakin beharra dago. Eta Aste Nagusia modernoa eta progresista da, inoiz ez du ahaztu atzekoa, inor ahaztu barik egiten du aurrera.

S.D.: Nik ezagutzen dudanetik, hobera baino ez da joan, konpartsek gero eta lan handiagoa egiten dute eta oso nabaria da, jaia ez da inoiz eteten bederatzi egun horietan.

Zeintzuk dira Aste Nagusiaren zuen lehenengo oroitzapenak?

Z.E.: Badira hasieratik asko. Baina niretzat, dena dator 1977ko abuztuan egin genuen jai herrikoien aldeko kalejiratik, hori izan zen harria; kristoren poztasuna eman zidan. Oraindik ez dakit zelan atera zen. Hain arraro eta hain polita: amets hutsa. Denbora pasatuta, gero eta politagoa iruditzen zait, pentsatzean zelan izan zen: arina, bizia eta gogo guztia ipinita bertan barruan. Gainera, egun hartan ikusi nuen jendea batzen baldin bagara gauza on baten alde, beti-beti amaiera polit bat izango duela horrek. Egun horretako asmoa izan zen jai berezi batzuk egitea eta asmo hori hurrengo urtean jada egia izan zen; gaur egun ere egia da; eta itxaroten dut beti izango dela hala, egia.

S.D.: Ba, gazte guztiei gertatzen zien moduan, hasieran gauez batez ere bizi izaten nuen, kontzertuak, jaia...

Denbora librea izanez gero, zertan parte hartzea gustatuko litzaizueke?

Z.E.: Ez dut denbora librerik izango aurten, jaian egun osoan emango baitut. Baina astia izan- go banu, orduan ere jaian emango nuke. Bermeon esaten den moduan «pierde cuidao», han egongo naizela.

S.D.: Denetan! beste edozein urtetan bezala!

Aste Nagusiari gehituko ala ken- duko zenioke ezer? Zer sumatzen duzue faltan eta zer soberan Bil- boko jaietan?

Z.E.: Kendu ez nioke kenduko ezer. Zer edo zer bide onean joango ez balitz kendu beharko litzateke, baina orain arte ezer ez da horrela izan. Gauza batzuk konpon daitezkeela? Bada, denok begiratu, batu, eztabaidatu eta denon artean konpondu de- zagun, irribarretsu, borondate onagaz. Ipini, hainbat gauza dago munduan eta beti dago astia gauza gehiago sartzeko eta gu prest horretarako.

S.D.: Faltan, txupin garbi bat! Zertarako bota horrenbeste zikinkeria, irina, arrautzak, eta abar? Hala, jende askok ezin du txupina hurbiletik ikusi, eta gainera arriskutsua ere bada zorua hain irristakor uztea! Eta sobe- ran, erasoak! Sexistak, arrazistak, LGTBIfobikoak. Onartezinak edozein mota zein neurritako- ak! Errespetua eta askatasuna denontzako!