Egun oso bat Urumeako uretan igerian egon ondoren, arratsaldeko 16.30ean eman du bukatutzat erronka solidario berri hau Carlos Peña igerilari tolosarrak.
Errekor berri hau gauzatzeko, 24 ordu eman ditu igerian, bizkarrez eta erretinosi pigmentarioak ikusmenean eragiten duen urritasuna simulatzen zuten betaurreko bereziak jantzita.
Carlos Peñak dameTVision elkartearen borrokarekin bat egin nahi izan du erronka honekin. Azken metroetan elkarteko presidentea, Ibon Casas musikaria, izan du bidelagun, «paddle surf» ohol baten gainan.
Casasek erretinosi pigmentarioa dauka, apurka-apurka ikusmenaren galera dakarren endekapenezko gaixotasuna.
Munduko errekor solidario honetan Gipuzkoako DYAko kideak eta hainbat piraguista izan ditu lagun igerilari tolosarrak.
DameTVision taldearen helburu nagusia gaixotasuna ezagutarazi eta ikustaraztea da. Horrez gain, ikus-entzunezko proiektu bat gauzatu nahi dute, Ibon Casas Los Angelesera Stevie Wonder ezagutzera nola doan erakusteko eta «gaixotasun arraro» honen aurkako borrokara elkartera batu dadin eskatzeko.