GARA

Hamarkada osorako babesa eta patxada

Bilbao Basketek hamar urteko luzapena duen akordioa sinatu du RETAbetapustu etxearekin. Orain arteko harremanari jarraipena emango diote.

Babesleak aurkitzea horren zaila den garai hauetan, apustu etxeak bilakatu dira kirol talde askoren laguntza nagusia –nahiz eta kontraesanak sortu hainbat tokitan–, eta Bilbao Basket da adibide argienetako bat. Bilbotarrek RETAbet enpresarekin hamar urterako babesletza akordioa sinatu zuten atzo, taldeari hamarkada oso baterako lasaitasuna emango dion akordioa.

Hala ere, esan beharra dago ez dela harreman berria bi aldeen artekoa. 2016an sinatu zuten aurreko babesletza akordioa, orduan ere epe luzekoa –zazpi urterako–, baina taldean izan diren aldaketa guztiek –maila jaitsiera, egoera ekonomikoa eta abar– berrikuspen bat behar zuten. Atzoko aurkezpenean aipatu zutenez, akordio berriak aldagai asko hartzen ditu kontuan: taldea LEB Ligan edo ACB Ligan dagoen, lortutako emaitzak...

«Babesletza honek proiektu berriaren lehen harria ipintzen lagunduko du, eta taldearen inguru guztiari egonkortasuna emango dio», adierazi zuen Xabier Rodriguezek, RETAbet enpresako zuzendari exekutiboak. «Kirol arloan ere badu bere pisua. Talde batentzat garrantzitsua da identifikazioa sortzea, izenetik hasita, eta izen berdina urte askoan mantentzeak horretan lagunduko digu», gaineratu zuen Alex Mumbru taldeko jokalari ohi eta entrenatzaileak.

GBC, lanean hasteko prest

Bilbao Basket bakarrik ez, beste talde guztiak ere denboraldia hasi aurreko asteotan horren ohikoak diren aurkezpenetan buru-belarri sartuta dabiltza. Gipuzkoa Basket, esaterako, gaur hasiko da entrenatzen. Astelehenean proba fisikoak egin ostean eta azken fitxaketen faltan, oraingoz taldea osatzen duten jokalariak Sergio Valdeolmillos entrenatzailearen esanetara ipiniko dira Gaska kiroldegian. Babesleei dagokienez, GBCk Mini Lurauto auto dendarekin duen akordioa berritu du aurtengo denboraldian ere.

Eta Baskoniarekin amaitzeko –Shields gaur aurkeztuko dute–, taldearen lehen hitzordu garrantzitsua Santiago de Compostelan jokatuko den Superkopa izango da, eta atzo jakinarazi zituzten ordutegiak. Finalerdiak irailaren 21ean jokatuko dira, ostiralean, 19.00etan eta 21.30ean. Finala, 22an, larunbatean, 19.15ean. Finalerdien zozketa irailaren 12an egingo dute.