naiz
Altsasu

Sakanako Sortuk Ospa! Egunean parte hartu eta eztabaida bat irekitzeko deia egin du

Sakanako Sortuk «Euskal Herri osoko herritarrak» gonbidatu ditu irailaren 1ean Altsasun antolatuko duten Ospa! egunera eta herritarren eskubideak eta segurtasuna zaintzeko tresnak zeintzuk izan behar diren erabakitzea «herritarrei» dagokiela nabarmendu du.

«Guardia Zibilaren presentzia ez da bateragarria elkarbizitza baketsu batekin ez da bateragarria demokraziarekin», adierazi du Sakanako Sortuk ohar baten bidez. Honela, babesa adierazi dio datorren irailaren 1ean Altsasun antolatuko den Ospa! egunari eta «Euskal Herri osoko herritarrak» gonbidatu ditu aldarrikapenarekin bat egitera.

‘Mainamikirriren bilobak gara, erratzak prest ditugu!’ lelopean antolatuko dute aurtengo eguna, Mainamikirri boteredun sorginaren pertsonaia hartuta. Mainamikirri emakume altsasuarra zen, eta gaixotasunak sendatzeko boterea zuen. «Naturatik, herritik, jaso zuen botere hori. Kuxkuxero batek botere hori lapurtu zion Erregeri saltzeko. Herri jakinduriarekin negozio ustela egiteko hain zuzen ere. Ipuin hau baliagarria da gaur egungo Euskal Herrian Guardia Zibilak jokatzen duen papera irudikatzeko. Kuxkuxeroa bezala, Guardia Zibila gure artean bizi da, baina ez da herrikoa. Kanpoko aginte baten sala-mandataria da. Herria zelatatzen du, herria kolpatzen du kanpoko Erregeren, Estatuaren, boterearen inposaketa bermatzeko. Txanpon zikin batzuen truke», adierazi du Sortuk ohar baten bidez.

«Gure herriko historiaren orri beltzenak Guardia Zibilak idatzitakoak direla esan genezake», gehitu dute. Zentzu horretan, gogora ekarri dituzte 1936ko altxamendu frankista, «78ko erregimena inposatzeko erabilitako tresnak, tortura sistematikoa, narkotrafikoa edo guda zikina». Horiekin batera, azken bi urteetan Nafarroan oso ezagunak izan diren bi kasu azpimarratu dituzte: La Manadakoen kasua eta Altsasuko gazteen aurkako auzia. «Herria zelatatu eta zigortzera etorri direnek ospa egin behar dute».

Herritarren eskubideak eta segurtasuna zaintzeko tresnak zeintzuk izan behar diren erabakitzea «herritarrei» dagokiela nabarmendu du. «Beraz, gerra egitera etorri zaretenak atera zuen esku zikinak Euskal Herritik eta ireki dezagun eztabaida demokratiko bat etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko; militarismoa behin betirako lurperatuz».