NAIZ
IRUÑEA

Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko ituna sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek

Nafarroako Gobernuak eta ELA izan ezik gainerako sindikatuetako ordezkariek irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko hitzarmena sinatu dute goizean. Gobernuaren arabera «UPNren gobernuak ezarri zituen murrizketak zuzentzeko» balioko dute onartutako neurriek.

Maria Solana eta sindikatuetako ordezkariak gaur goizean. (Nafarroako Gobernua)
Maria Solana eta sindikatuetako ordezkariak gaur goizean. (Nafarroako Gobernua)

Agerraldi bateratua egin dute goizean irakaskuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatuek, ELA izan ezik, eta Nafarroako Gobernuak. Irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna sinatu dute LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuek Gobernuarekin batera. Maria Solana bozeramailearen arabera «UPNk ezarritako murrizketa zuzentzeko» aukera emango du hitzarmen honek.

Sinaduraren ostean egindako adierazpenetan Solana bozeramaileak nabarmendu du «sekula Nafarroan babes gehien izan duen ituna» dela.

Haur eta Lehen Hezkuntzan aurrez aurreko eskola orduetan bi orduko murrizketa ekarriko du hitzarmenak eta neurri bera ezarri asmo dute 2019-2020 ikasturtean Bigarren Hezkuntzan. Gainera, 55 urtetik gorako irakasleen lan jarduna gutxitzen joango dira. Hitzarmenean jasotako beste neurrien artean ageri dira berehalako ordezkapenak egiteko bidea.

Lan baldintzetan ezarritako hobekuntzez gain, ikastetxeen funtzionamenduan ere hobekuntzak izango dira hitzarmen honen arabera eta hainbat eremutan ikasle ratioak murriztuko dira. Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzako beharrezko giza baliabideak bideratzeko neurri berriak hartuko direla iragarri dute gaur, Jarraipen Batzordean aztertuko dira hauek.

«Aukera galdua», ELAren arabera

Hitzarmenetik kanpo ELA sindikatua geratu da eta ohar bidez «aukera galdua» dela dio sindikatuak. Bere esanetan «ez ditu murrizketak atzera botatzen» eta ez du «kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiten». ELAk dio oro har UPNk ezarritako ratioak bere horretan utzi dituztela, irakasleen ordezkapenak ez direla zehaztu, langileen egonkortasuna ez dela bermatzen eta langileek izan duten eros ahalmenaren galera ez dela bererskuratuko.

Ituna ez sinatzearen ondorioz Jarraipen Batzordetik kanpo izango da ELA eta sindikatuak salatu egin du ondorio hori, «hauteskunde sindikaletan jasotako bozken bidez irabazitako ordezkaritza kendu» egiten zaiola dio.