naiz

Bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen euren bikotekideak jotzea leporatuta

Bi gizonezko atxilotu ditu Gasteizko Udaltzaingoak asteburu honetan, euren bikotekideak jotzea leporatuta. Epailearen aurretik pasako dira datozen orduetan 35 urteko bi gizonezkoak.

Udaltzaingoak iragarri duenez, lehen atxiloketa ostiralean izan zen, Aranbizkarrako auzoan, non 35 urteko gizonezko bat eraman zuten atxilo. 07:30ak aldera, emakume batek salaketa jarri zuen komisaldegian, bikoteak elkarrekin zuten etxean jo egin zuela adieraziz.

Azaldu zuenez, jo, mehatxatu eta lurretik arrrastaka eraman zuen. Udaltzain batzuek ospitalera lagundu zuten eta beste batzuk etxebizitzara gerturatu ziren. Bertan, gizonezkoak ukatu egin zuen ezer gertatu izana. Hala ere atxilotua izan zen.

Atzo goizean eman zen bigarren atxiloketa. Kasu honetan ere, 35 urteko gizonezko bat eraman zuen Udaltzaingoak.  07:00ak aldera, dei bat jaso zuen Gasteizko Udaltzaingoak, kalean izaten ari zen «eztabaida gogor bat» salatuz. Deiaren arabera, gizonezko batek emakume bat arrastaka eraman zuen taberna baten barrualderaino.

Udaltzaingoa bertaratu egin zen eta bertan aurkitu zuen bikotea. Emakumeak hainbat zauri zituen aurpegi, beso eta belaunetan, eta bikoteak jo egin zuela onartu zuen. Asaldatuta zegoen gizonezkoak, aldiz, eztabaida izan zela baina ez zuela jo adierazi zuen. Ondoren, emakumeak ere ukatu egin zuen gizonezkoak bera jo izana, eta ez zuen salaketarik jarri nahi izan. Hala ere, atxilotu eta epailearen eskuetan utzi dute gizonezkoa.