naiz
Donostia

Donostiako metroa gelditzea aldarrikatu dute Gobernu kontseiluaren aurrean

Lakuako Gobernuak gaur Miramarren egin duen Gobernu kontseilua baliatuz, Satorralaia mugimenduak martxa bat egin du metroaren pasantearen harira «zeharo behargabekoa eta kaltegarria den obra horrek herritarren artean eragiten duen arbuioa adierazteko».

Lakuako Gobernuak gaur Miramarren egin duen gobernu kontseilua baliatuz, Satorralaia mugimenduak martxa bat egin du. (SATORRALAIA)
Lakuako Gobernuak gaur Miramarren egin duen gobernu kontseilua baliatuz, Satorralaia mugimenduak martxa bat egin du. (SATORRALAIA)

Ehun lagun inguruk Donostiako metroaren pasantea gelditzeko ardarrikatu dute gaur goizean Lakuak Miramarren egindako Gobernu kontseilura egindako martxan. Martxa goizeko 10:30ean abiatu da Kontxako Erlojuetatik, ‘¡La pasante es un derroche! Metroa gelditu’ zioen pankarta buruan jarrita, eta manifestariek eskuetan ‘STOP Metroari’ dioten arteki horiak, kartelak eta banderolak hartuta.

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deitu du mobilizazioa Lakuari Donostiako hirian «zeharo behargabekoa eta kaltegarria den obra horrek herritarren artean eragiten duen arbuioa adierazteko». Halaber, Kontxako paseoan zebilen jendeari esku orri informatiboak banatu dizkiote mugimenduko kideez.

Honela, «Donostiako erdialdean metro bat eraikitzea baliabide publikoen xahuketa itzela» dela salatu dute. «Jaurlaritza ez da gai izan inolako azterketarik eskaintzeko gutxienez 200 milioi euroko kostua izango duen obra hori justifikatzeko», gehitu dute. Era berean, Metroaren pasantea abian jartzeak «hiriko autobusen sare zabala murriztea» eta  Donostiako garraio publikoan «ondorio kaltegarriak» eragingo lituzkeela azpimarratu dute.

«Dirua obra faraoniko honetan alperrikaltzen den bitartean, Topoaren eta EuskoTrenen eskualdeko loturen hobekuntza datarik gabe atzeratzen ari da, nahiz eta bikoiztutako trenbiderik ez duen zatirik gehienetan», gehitu dute. Horren aurrean gizarteari eta herritarren parte-hartzeari «bideak irekitzeko» eskatu dute.