NAIZ+

Uruguai-Euskal Herria, sufrimendutik jaiotako anaitzea

Filtroko gertakariak Euskal Herriarekiko burutu den elkartasun keinu garrantzitsuenetariko bat izan arren, ez da pasarte ezaguna euskal gazteen artean. Hala deritzote bederen, Argentina-Uruguai brigadako partaideek eta hori aldatzeko hemen euren aletxoa.

Norma eta brigadistak Filtroko Ospitale kanpoan, manifestazio amaierako ekitaldian
Norma eta brigadistak Filtroko Ospitale kanpoan, manifestazio amaierako ekitaldian

Harrigarria bada ere, Argentina-Uruguai brigadako partaideak izango ginela jakin aurretik ezer gutxi genekien Filtroko gertakarien inguruan. Euskal Herriarekiko burutu den elkartasun keinu garrantzitsuenetariko bat izan arren, gaur egun eta batez ere gazteon artean, ez da gure omenaldien denbora lerro zabaleko pasarte ezagunenen artean kokatzen. Gaurkoan, hori aldatzeko xedea duen aletxoa ipintzera gatoz.

Aurrekariak

Filtroko gertakari krudelak duela 24 urteko abuztuaren 24ean jazo baziren ere, kontua lehenagotik zetorren. Aurretik, 1989.urtean Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuburu ohiak euskal errefuxiatu politikoen aurkako sorgin ehiza abian ipini zuen. Uruguain, zerbitzu sekretu uruguaitarraren eta espainiarraren arteko elkarlan basatiaren ondorioz (atxiloketak eta torturak medio), 1992an zortzi euskal herritar prozesatuko dituzte nortasun agirien faltsifikazioa leporatuta. Segituan antolatuko da euskaldunekiko babes sarea, asilo politikorako zuten eskubidean oinarrituta. “Ser vasco no es delito” lemapean, komisio bat osatuz. Besteak beste, 52 legegilek euskal herritarren Asilo politikoa eskatuko dute.

Oroitu beharra dugu nondik datorren herri uruguaitarra, 1973-1985 arteko diktadura militar basati baten amets gaiztotik esnatu berritan, famili gehienetan izan dute errepresioaren ondorioz jazarriko, eraildako, desagerturiko edo erbesteraturiko norbait. Horregatik, askok Euskal Herriko borrokaren inguruan ezagutza askorik ez izan arren, errepresiotik eta torturatik ihesian zebiltzan borrokalari batzuen aldarria eurena bihurtu zuten. Gazte askori, gurasoei etxean entzundako sorgin ehizen istorio ankerrak aurrez aurre hezurmamitu zitzaizkien.

Gertakari goibelak

Honela 1994. urtean, hiru euskal herritarren aurkako estradizio agindua abian jarri zenean, berehala antolatu zen errefuxiatuen aldeko babes sarea. Felipe Gonzalezek, Uruguaiko garaiko gobernuburua zen Luis Alberto Lacallerekin tratu anker bat hitzartu zuen: hiru euskal errefuxiatu errepresio indarrentzako azpiegituraren truke (ekipazioa, armak, furgonetak…). Ilunpeko hitzarmen hau gauzatu bezain laster atxilotu zituzten hiru euskal herritarrak. Hauek, lau hormen artean, asilo politikoa aldarrikatuz gose grebari ekin zioten. Hamalau eguneko gose greba luzea izan zen. Bitartean Montevideoko polizia jefaturaren kanpoan gau eta egun antolatu ziren uruguaitarrak, kanpaldi iraunkor bat antolatuz. Hamalaugarren eguna pasata, euskal errefuxiatuek greba idorrari ekin zioten eta segurtasun indarrek Filtro ospitalera mugiarazi zituzten. Jendetza noski, eurekin mugitu zen.

Abuztuaren 19tik 24ra egon ziren errefuxiatuak Filtroko ospitalean eta kanpoan, zaintza lanak egiten ari ziren eragile politiko, sozial eta sindikalak gero eta jende gehiago pilatzen joan zirelarik. Estradiziorako hegazkina abuztuaren 24erako aterako zela jakinik, defentsa indartsua antolatu zen ospitale kanpoan, 20 000 pertsona inguru. Estradizioa arratsaldeko 17.00etan zen, baina ezin izan zituzten gaueko 22.00ak arte ospitaletik atera. Elkartasun eta erresistentzia indartsua antolatu zen. Estatuko errepresio indarrek gogor kolpatu zuten jendetza: poliziak zaldi gainean, gas negar eragileak, porrak… eta balak. Anbulantzietan gordeta, ospitalera gerturatu eta polizia pistolekin tiroka hasi zen, inongo errukirik gabe. Ondorioak beldurgarriak izan ziren: balaz larriki zaurituriko 200 pertsona eta bi hildako, Fernando Morroni eta Roberto Facal. Euskaldunak atxilotu eta hurrengo egunean Espainiara eraman zituzten.

Bi herri, borroka bakarra

Ordutik, urtez urte, abuztuaren 24ero bat egiten dugu herri euskaldun eta uruguaitarrak. Oroituz askatasunaren bidean bidelagunik badugula. Montevideoko obeliskotik Filtroko ospitalea lotzen dituen errepideak herio eta injustizia usaina du, baina bere lurrazalean maitasun solidarioz zipriztindutako hainbat pasarte ere idatziak badira. Sufrimendutik jaiotako anaitzea. Bi herri, borroka bakarra.

Itxaropen izpiak

Borroka honen protagonista eta ikur da Norma Morroni, Fernandoren ama. Urte guzti hauetan justizia eta egiaren bila borrokan tinko eta gogor mantendu den emakumea. Euskaldunon bisita beti da alaitasun iturri berarentzat. Argi du berak ere, data hauetan justizia exijitzeaz gain, nolabaiteko ospakizun bat ere badela. Horregatik hartzen gaitu gatozen brigadista guztiak etxean, eta zaintzen gaitu betiko lagunen antzera.

Guri, bera une berezi batean ezagutzea egokitu zaigu. Izan ere, duela bi urte, anonimo batek bere semea nork erail zuen frogatu lezakeen material bat helarazi zion. Gutxik egin zioten kasu orduan, baina gure egonaldian, herrialde mailako aldizkari ezagun batek artikulu bat kaleratu du. Bertan, Normak jaso zuen informazioaz gain, Fernando nork eta zergatik hil zuten informazio gehigarria ageri da bertan. Eta hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, artxibatua izan den kasua berriz ireki daiteke eta.

Gure aldetik ezer gutxi gehiago. Ohore bat izan da hemen egotea, lekukoa hartu eta Normaren eta herri uruguaitarren alboan, ahanzturaren aurkako deiadar honen parte izatea. Datorren urtean 25 urte beteko dira Filtroko sarraskitik, 25 urte Uruguai eta Euskal Herriko borrokak betirako lotu zirenetik.