naiz
Donostia

20 euskal ekoizpen aurkeztuko dira 66. Donostia Zinemaldian

Munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten 15 film luze lehiatuko dira Irizar saria lortzeko. 'Mudar la piel' izango da Zinemira sailaren hasierako filma, eta 'Black is Beltza' itxierakoa. Euskal Zinemaren Galan eta Ramon Agirrek Zinemira saria jasoko du.

Zinemaldian ikusi ahal izango den ‘Dantza’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)
Zinemaldian ikusi ahal izango den ‘Dantza’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)

Donostia Zinemaldiaren 66. edizioak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago hartuko ditu barnean, 20 film, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTB galetan banaturik.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamabi ekoizpen hartuko ditu, fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak eta hala zuzendari berrien nola ibilbide luzeko zinemagileen filmak.

Sailari Ana Schulz eta Cristobal Fernandez zuzendarien ‘Mudar la piel’ filmak emango dio hasiera. Locarnoko sail ofizialean estreinatu zen, lehiaketaz kanpo. Juan Gutierrezen eta Roberto Florezen arteko laguntasuna aztertuko du. Lehenengoa espainiar Gobernuaren eta ETAren arteko bitartekaria izan zen. Bigarrena, aldiz, traizioagatik zigortutako CNIko agente ohia da.

Eta itxierako filma ‘Black is Beltza’ izango da, Fermin Muguruza musikari, zuzendari eta ekoizleak zuzendutako filma. ‘Black is Beltza’ eleberri grafikoa bizidun bihurtuko da pantaila handian Muguruzak zuzendutako animazio-filmaren bitartez. Aurrez, ‘Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina’ (Zinemira, 2009), ‘Next Music Station’ (Zinemira, 2011), ‘Zuloak’ (Zabaltegi, 2012) eta ‘Nola?’ (Zinemira, 2016) aurkeztu ditu irundarrak Zinemaldian. ‘Black is Beltza’ filmari Unax Ugaldek, Emma Suárezek, Sergi Lopezek, Maria de Medeirosek, Oscar Jaenadak, Ramon Bareak, Ramon Agirrek, Jorge Perugorríak eta Rossy De Palmak jarri diote ahotsa, besteak beste.

Bataren eta bestearen artean, Zinemaldian estreinatutako beste hamar ekoizpen ikusi ahal izango dituzte ikusleek, kazetariek eta industria zinematografikoaren profesionalek.