NAIZ
MADRIL

«Dezepzio puntuarekin» itzuli da Goia, Madrilek Loiolako kuartelarekin duen jarreragatik

Eneko Goia Donostiako alkatea Margarita Robles espainiar Defentsa ministroarekin elkartu da gaur, espainiar Armadak Loiolan duen kuartelaren etorkizuna aztertzeko. «Dezepzio puntu batekin» itzuli da Goia, Roblesen jarrera ikusita. Bi aldeak azaroan elkartuko dira berriro.

Eneko Goia eta Margarita Robles espainiar Defentsa ministroa, gaurko bileran. (DONOSTIAKO UDALA)
Eneko Goia eta Margarita Robles espainiar Defentsa ministroa, gaurko bileran. (DONOSTIAKO UDALA)

Eneko Goiak eta Margarita Roblesek Loiolako kuartelaren etorkizuna izan dute hizpide gaur Madrilen egin duten bileran, baina ez dute ezer zehaztu. Azaroaren 27an berriro elkartuko dira eta bilera horretara Defentsa Ministerioak kuartel berri baten eraikuntzak izango dituen kostuen ikerketa eramango du.

Donostiako alkateak proposamen bat helarazi dio espainiar Defentsa ministroari: Loiolako kuartela dagoen lur-sailak Udalak Ministerioari erostea, eta instalazio militarra Zubietara lekualdatzea, Eskuzaitzeta industriagunera. 

Bileraren ondoren Goiak nabarmendu duenez, lehen aldia izan da ministro batek Donostiako alkate bat hartzen duela kuartelaren inguruan hitz egiteko, baina aldi berean onartu du «dezepzio puntu batekin» itzultzen dela, Roblesek erakutsi duen jarreragatik. Izan ere ez du aldaketa handirik ikusi Mariano Rajoyren Gobernuaren eta PSOErenaren artean.

Goiaren iritziz, kuartela lekuz aldatzea lortzeko «borondate politikoa behar beharrezkoa da», nahiz eta orain arteko espainiar gobernuek «ez duten halakorik adierazi». Hori dela eta, Defentsa ministroari dei egin dio «zezena adarretatik heldu» eta «Donostiaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen gai honen korapiloa aska dezan». 

Alkateak esan duenez, Defentsa Ministerioak konpromisoa hartu du Donostiako Udalak bere proposamenarekin helarazi dizkion dokumentuak eta kuartela lekuz aldatzeko dauden aukerak aztertzeko.

Goiaren hitzetan, espainiar Gobernuak «lur-sail handia badauka dagoeneko Eskuzaitzetako industriagunean, Armadaren egungo instalazioak bertan eraikitzeko aukera ugari eskaintzen duena gainera». 

Negoziatzeko prest daudela eta Udalaren helburua Loiolako kuartelaren lur-eremua «hiriarentzat berreskuratzea» dela nabarmendu du.