NAIZ
BILBO

Jendetza bildu du beste behin Antzara Egunak Lekeition

Milaka lagunek urdinez jantzi dute Lekeitio beste behin, San Antolin jaien baitako Antzara Egunean. 90 potin ureratu dira arratsaldeko antzara jokoan.

Parte-hartzaileetako bat, ekinean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Parte-hartzaileetako bat, ekinean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Eguraldia goibela izan den arren, jendetsua izan da aurtengo Antzara Eguna ere eta milaka izan dira mahoiz jantzi eta Lekeitio bete dutenak. 

Eguneko zita nagusia arratsaldeko antzara jokoa izan da. 90 potin ureratu dira aurten, inoizkorik gehien. Aurrenekoz, gehiago izan dira polimeroz egindako Antzartek-a aukeratu dutenak (56), aurrez hildako benetako antzara hautatu dutenak baino (36).

Beste marka bat ere hautsi da aurtengo hitzorduan, inoiz baino emakume gehiago aritu direlako antzara harrapatzeko lanetan (24). 

Lekeitioko udalak emandako informazioaren arabera, ‘Erresaka’ potineko (52. zenbakiarekin lehiatu dena) Pello Alfonso Muniozgurenek irabazi du sari nagusia (300 euro eta txapela), hiru altxaldi eta burua lortuta.

‘Drogosuak’ potineko (70. zenbakia) Alvaro Galletebeitiak, aldiz, egin du altxaldi gehien, hamar lortu baititu. 300 euroko saria eraman du etxera.

Azkenik, ‘Potozorri’ potinak dotoretasunaren saria (150 eurokoa) irabazi du, hamalau puntu bilduta.

Bestalde, San Antolin pilota torneoko finala ere gaur jokatu da. Artola eta Larunbek osatutako bikotea Elezkano II.ak eta Rezustak osatutakoari nagusitu zaio (18-22). Alegiarra izendatu dute torneoko pilotari onena.