NAIZ+

Musika elektronikoaren txanda asteburu honetan, Ozetan

Musika elektronikoa eta arteak nahasten dituen Harrikada Fest festibala bihar abiatu eta igandera arte  izango da Ozeta herrian, Garaion Sorgingunea izeneko sormen-etxean.

Bihar hasi eta igandera arte Harrikada jaialdiaren lehenengo edizioa izango da Ozeta herrian, Garaion Sorgingunea izeneko sormen-etxean. Bertan, Berlingo eta Euskal Herriko DJak arituko dira; halaber, kontzertu akustikoak, hitzaldiak eta ikastaroak eskainiko dituzte hiru egunez. Festibalaren izen bereko elkarte jaioberriak antolatu du hitzordua.

Festibal honen lehenengo edizio honetan, Berlingo Sisyphos eta Rummelsbucht aretoetako hainbat disko jartzaile egongo dira, baita azkenaldi honetan Alemaniako festibal garrantzitsuenetan aritu diren Casimir von Oettingen eta Electronic Elephant ere. Euskal Herritik, besteak beste, Les Alsborregach, Telmo Trenor, Balza, DJ Cubo edo Gasteizen Jimmy Jazz aretoko “Heartz” saioa gidatzen duen Miss Biotza bertan egongo dira.

Elkartearen zein festibalaren helburua zubiak eraikitzea da. «Berlineko DJak gerturatzea, eta hemengoei han gauzak egiteko aukera ematea da», diote antolatzaileek.

Garaion elkarteak natura, sorkuntza eta ondare soziala lantzen dihardu. Egoitza Arabako Ozeta herriko Otatza auzoan daukaten etxaldean dago, landa eremuan. Sorgingunea deitzen diote etxaldeari eta2008. urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte bezala, eta urte bat geroago, Garaion kooperatiba elkarte txikia sortu zuten, bi bazkiderekin.