NAIZ

Euskalduna zubiak itxita jarraitzen du ekainetik bizikleta eta mugikortasun urria dutenentzat

EH Bilduk ohartarazi duenez, Euskalduna zubia itxita dago bizikleta eta mugikortasun urria duten pertsonentzat eta «erakundeen utzikeria» salatu du. Konponketa lanekin hastea eta segurtasuna bermatzeko, zubia guztiz ireki arte abiadura gehienez 30 kilometro ordukoa izatea eskatu du.

Euskalduna zubiaren egoera salatuz EH Bilduk helarazitako argazkia.
Euskalduna zubiaren egoera salatuz EH Bilduk helarazitako argazkia.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, ekainaren 28tik Euskalduna zubia itxita dago mugikortasun urria daukaten pertsonentzat eta bizikletentzat. Egun hartan, zubiaren egituran apurketa bat gertatu zen.

«Zubia itxita dago pertsona horientzat. Norbaitek uste du ekainean izandako arazoak trafikoari eragingo balio oraindik ez lituzketela konponketa lanak abian jarriko», salatu du Bruno Zubizarreta EH Bildu Bilboko zinegotziak komunikabideetara igorritako oharrean.

EH Bilduren iritziz, erakundeen «utzikeria» horrek erakusten du «Bilbon garraio politika zaharkitua dagoela eta kotxearen erabileran oinarritzen dela, pertsonen mugikortasunean oinarritu beharrean».

Bruno Zubizarreta zinegotziak gaineratzen duenez, «ezbaian jartzen duela EH Bilduren ekimenez alderdi guztiek sinatu zuten Mugikortasun Ituna. Hori dela eta, EAJri eta PSOEri adostutakoa betetzea eskatzen diegu».

«Zein aurpegirekin begiratu diete aste gutxi barru egingo den Mugikortasunaren Astean mugikortasun urria daukatenei edo bizikletan dabiltzanei», galdetzen du Zubizarretak.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk zubiaren konponketa lanak berehala hastea eskatu du. Aldi berean, bidegorria berriz abian jarri arte, Euskalduna zubiko errail bietan gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa izatea eskatu du, bizikletan dabiltzanen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.