NAIZ
BILBO

Garaipenarekin hasi du denboraldia Realak, porrotarekin Athleticek

Neurketa bideratua zuela (0-3) nahi baino gehiago sufritu behar izan du Realak Granadillarekin aurka irabazteko (2-3). Athleticek, aldiz, ezin izan du Bartzelona handiaren aurka punturik eskuratu (0-1). [Emaitzak eta sailkapenak]

Gol bakar batek erabaki du Athletic eta Bartzelonaren arteko neurketa. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Gol bakar batek erabaki du Athletic eta Bartzelonaren arteko neurketa. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Hasi dute denboraldia futboleko emakumezkoen euskal taldeek ere. Etxean jokatu du denboraldiko lehen neurketa Athleticek, etxetik kanpo Realak, eta emaitzak ere halakoak izan dira, ezberdinak.

Izan ere, Bartzelona handiaren aurka galdu egin du Athleticek. Bi taldeek izan dituzte markagailua irekitzeko aukerak neurketaren lehen minutuetan, baina bisitariak izan dira markagailuan aurrea hartu dutenak. 20. minutua zen, eta zuri-gorriak eurak izan dira baloia urruntzen hasi eta beren sareetara bidali dutenak.

Markagailuan atzetik, Athleticek hartu du neurketaren pisua partida amaiera artean. Jokoan aukera gutxi sortu arren, geldikako jokaldiak ahalegindu dira aprobetxatzen zuri-gorriak. Ez modu batean ez bestean, ezin izan dute bisitarien gol bakana berdindu.

Guztiz bestelako neurketa eskaini du Realak. 15. minuturako aurreratu dira markagailuan Cristina Pizarroren gol bati esker eta 41. minutuan neurketa ia erabakita utzi dute; Marta Cardona izan da golegilea.

Hirugarrena sartu du Nahikari Garciak 55. minutuan, eta orduan bai, bazirudien ez zuela Realak arazorik izango neurketa irabazteko. Maria Josek, baina, aldeak murriztu ditu 64. minutuan, eta etxekoek azken gol bat sartu dute 93.ean. Zorionez, ez da gehiagorako denborarik izan.