Euskalkiak biltzen dituen matrioxka
Duela 50 urte abiatutako euskararen batasunak egindako bidea aztertu zen atzo, Baionan, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren karietara antolatutako jardunaldian. «Ezinbesteko» bide horretan euskalkiekin duten uztarketa zailera nola moldatzen diren azaldu zuten mahai-inguruko partaideek.
Euskaltzaindiak euskara batua ofizialki onartu zueneko 50. urteurrenaren atarian, Ipar Euskal Herriak batasun horri egindako ekarpen itzelaren aitortza modukoa izan zen atzoko jardunaldia. Bertan, Euskal Elkargoko ordezkariak eta Euskaltzaindiko zuzendaritzako zenbait buru alboan zituztela, garai hartan era batean edo bestean protagonista izan ziren euskaltzain eta euskalgintzako eragileen azalpen, anekdota eta kontakizunak entzun ziren goiz partean.
Arratsaldean, berriz, Battitu Coyos euskaltzainaren gidaritzapean, egun Ipar Euskal Herrian euskara batuaren egoera eta premiak aztertu zituzten alor ezberdinetan jarduten duten zenbait eragilek. Inork ez zuen zalantzan jarri euskara batuaren ezinbestekotasuna baina, aldi berean, guztiek nabarmendu zuten Lapurdi, Nafarroa Behere eta, bereziki, Zuberoako euskalkiekin egunerokotasunean «derrigorrez» egin behar duten uztarketa.
Itxaro Borda idazleak bere euskararengatik maiz kritikak izaten dituela adierazi zuen. «Zaila, ulergaitza, kriptikoa... dela erraten didate. Hegoaldeko modura idaztea ere gomendatu izan didate. (...) Hausnartzen jarrita, pentsatu izan dut beharbada arrazoi dutela, ze euskal komunitateak, zuzenki ez bada ere, subliminalki hori eskatzen du gero eta gehiago». Buruhauste horretan ez du oraindik hauturik egin –«nire euskarak batuaren eta euskalkien arteko nahasketa izaten segitzen du»– baina, halere, ulermenaren alde teknikotik harago, edukien eta ideien transmisioa ere badagoela zioen eta literaturan bederen, euskalkien presentzia atxikitzearen alde agertu zen.
“Herria” astekarian diharduen Peio Jorajuriak eta Euskal Irratien zuzendari Jose Luis Aizpuruk kazetagintzan dituzten nekeziak azpimarratu zituzten. Ipar Euskal Herriko euskaldunen jatorri, adin edo alfabetatze mailaren errealitatea kontuan hartu behar dutela zioten, batuaren eta euskalkien oreka bilatzeko etengabeko saiakeran. «Informazioaren hartzaileari egokitzea da komunikazioaren ardatza baina, halaber, gure hizkuntzaren erabilpen ahalik eta zuzenena bultzatzeko erantzukizuna ere badugu», gaineratu zuen Aizpuruk, «subalternitatea eta konplexuak abandonatuz, euskara prestigiatzeko baldintzak sortzearen beharra» nabarmenduta.
Iparraldeko «batua»
Anies Dufauk, IKAS material didaktikoa ekoizten duen argitaletxean diharduenak, batuaren eta euskalkien uztarketa egiteko jarraitzen dituzten irizpideak agertu zituen. «Argitaratzen dugun guztia ‘Iparraldeko batuan’ argitaratzen dugu. Aditza batuan doa eta lapurtera eta baxenabarrerako hitzak hobesten ditugu 2-8 urteko arteko haurrentzat, eta zuberera haur zuberotarrei begira. Finean, egunerokotasunean entzuten duten euskara menderatu behar dutelako baina baita ere hezkuntzan jasotzen duten lexikoaren artean haustura izan ez dadin». Adin horretatik gorakoentzat literatura argitalpenetan euskalkien aniztasuna ere sartzen dute, «denek Hegoaldeko, Zuberoako edota nafar-lapurterako batuaren formak ezagutzeko aukera izan dezaten».
Beharrei dagokienez, irakasleen aldetik ez dute eskakizun berezirik jasotzen. «Ia denak euskaldun berriak dira eta ez dira euskalkien gaian gehiegi zentratzen, salbu Oztibarreko aldean, non berrikitan beren haurrei hango euskalkia ere irakasteko eskaera egin duten». Halere, Dufauk zubereraren salbuespena jarri zuen mahai gainean, «atxikitzeko premia gorria» dagoela adierazita.
Kezka bera agertu zuen Joseba Garai AEK-ko arduradunak. «Ahalegin berezia egin behar da nahi eta nahi ez, euskararen aldeko eragileen ahaleginak gorabehera, gibelerantz doalako. Euskarri gutxi daude zubereraz, indar handiagoa egin behar da bere alde eta han sortzen diren ekimenak gehiago sostengatu behar dira», esan zuen.
Euskalgintzan ari diren eragileen artean «euskara batuaren inguruan adostasun aski zabala» dela uste du. Alta, «herritar xeheen artean oraindik sinesgarritasun eskasa» sumatzen du. «Errealitate bat da, kontuan hartu behar den aldagaia. Izan ere, hizkuntza komunikazio-sistema izateaz gain, identitatearen bektore ere bada eta herritarrak berarekin identifikatzeko oso garrantzitsua da».
Lokalismoetatik aldendu
Garairen aburuz, «muturreko lokalismoetatik aldendu» beharra dago, baina ezin da pentsatu «soilik batutik» etorriko dela salbazioa, euskara Ipar Euskal Herrian hain kinka larrian dagoenean. «Errusiar panpina bat bezala hartu beharko genuke. Panpina handiena euskara batua izaki eta barruko txikienak, euskalkiak. Denen arteko sinergiak eta interdependentzian lotuta», gaineratu zuen.
Naroa Gorostiagak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lanak azaldu zituen segidan. Kazetaritzan aritutakoa eta ikastolako haurra izanik, bere aurretik aritutakoen kezkak oso ondo ulertzen dituela esan zuen. Batez ere, terminologian eta hizkuntzaren kalitateari begira sortzen diren zalantzei eman behar zaizkien «erantzun azkarrak» azpimarratu zituen. «Ezin da bakoitza bere aldetik eta lanak errepikatzen jarraitu. Jendea formatu eta segurtasuna ematea beharrezkoa da», adierazi zuen, EEPtik hainbat alorretan, izan erakunde publikoekin, pribatuekin edota eragileekin, egiten ari diren lanak azalduta.
Hizlarien ondotik, entzuleek ere parte hartu zuten. Besteren artean, «euskara batua, egunez egun egiten den amaitu gabeko prozesua» dela eta «herri bezala ehuntzeko tresnatzat ere» hartu behar dela adierazi zen. Ez zen falta izan ere duela 50 urte horrenbeste lan egin zutenen aipamenik, batez ere Txillardegirena.
Itxaro Bordak euskararen alde lan egin duten emakumeak (Madalena Jauregiberry, Marie-Jeanne Malharin...) maiz askotan ahazten direla gehitu zuen eta, halaber, batuan generoaren tematika ere lantzear dagoela gogorarazi zuen.
Sagrario Aleman eta Xarles Videgain euskaltzainek eman zioten bukaera jardunari. «Duela 50 urte nekez egin ziren lanak. Txillardegi bezalako gidariak behar izan ziren euskara batua aurrera ateratzeko, baina guztion ahalegina ere beharrezkoa izan zen, orain den bezala. Euskara bat da, zuhaitza da, bere adarrak –euskalkiak – dituena eta denak dira beharrezko», esan zuen Alemanek, «oraindik bide asko egiteko geratzen bada ere, bide asko egin» dela azpimarratu ostean.