NAIZ+

Altsasuko herriak espetxean dituen gazteak gogoratuz ospatu ditu jaiak

Kantuan, kirolean, paretetan eta txupinazoan presente izan dira kartzelan diren Altsasuko gazteak euren herriko jaietan.

Altsasuko bizilagunak herriko festetan murgilduta daude. Haatik, herrian gozatzeko aukera ez duten eta espetxean diren gazteak gogoan izan dituzten une oro.

Luis Mari Lopez de Goikoetxeak piztu zuen etxafuegua ostiralean, festa herri guztira zabaltzeko bokazioz bota bazuen ere, salaketarako tartea hartu zuen. Guardia Zibilarekin izandako liskar baten ondorioz auzipetu eta espetxeratu zituzten gazteen gurasoak ere presente izan ziren.
Altsasuko gazteen askatasuna aldarri duten kamiseta zuriak non-nahi ikusi zitezkeen ere.

Loading player...

Txupinazoaren eztanda Iruñean ere entzun ahal izan zen, bertako espetxe parean jaurti baitzuten jaien bigarren txupinazo bat. 

 

Ostiral iluntzean jaien pilota partidu profesionalari hasiera berezi bat emateko aukera izan zuten espetxeratutako gazteen gurasoek. Euren Twitter kontuan zabaldu zuten ekimena, pilotariei eta momentu hura posible egin zuten guztiei eskerrak emanez. 

Kantuz ere gogoratu zituzten Altsasuko gazte presoak eta Tximeleta taldearen eskutik, herri osoak bat egin zuen Altsasuko auziaren aurkako soinu banda bihurtu den ‘Aurrera Altsasu’ ozen abesteko.

Loading player...

Paretek ere ozen abesten dute Altsasun, asteburu honetatik aurrera ozenago gainera, izan ere Elias Taño artista valentziarrak murala egin du Sakanako herrian.