NAIZ

Kanpotik datozen ikasleentzako informazio gune berria, Bilbo unibertsitate hiria proiektuan

Bilbora datozen ikasleei zuzendutako webgune berria jarri du Udalak martxan. Bertan egin daitezkeen ikasketak eta unibertsitateak, ostaturako dauden aukerak zein egin daitezkeen turismo ekintzak jasotzen dituzte.

Bilbau unibertsitate hiri webgunea.
Bilbau unibertsitate hiri webgunea.

Bilboko Udalak www.bilbaogazte.bilbao.eus web-orrian Bilbao Unibertsitate Hiri espazioa sortu du, beste leku batzuetatik Bilbora, ikastera, etorri nahi duten pertsonei zuzendua.

Bilbon egoitza duten ikastegi eta unibertsitateetan egin ditzaketen graduei, masterrei eta doktoretzei buruzko informazioa kontsultatu ahalko dute espazio berrian, baita egonaldirako interesgarriak izan daitezkeen ostatu aukerak, aisialdi eta kultur eskaintza, egin behar dituzten tramiteak, zerbitzuak eta hiriaren eta herrialdearen buruzko informazioa.

Bilboko Udaletik nabarmentzen dutenez, «ezagutza eta bikaintasunaren bila ari diren gazteak atxiki eta erakarri gura ditu eta, aldi berean, bertoko jarduera ekonomikoa dinamizatu».

Webgunearen berri ematen duen oharrean gaineratzen dutenez, Udaletik «espiritu urbano erakargarriagoa, sormena lantzeko egokiagoa, anitzagoa eta kosmopolitagoa sortzea sustatuko da». «Erronka Bilboko gazteek bizitzeko proiektua garatzeko hiri egoki bihurtzea da, gazteek gure hiria bizitzeko eta elkarbizitzarako aukeratzeko orduan are erakargarriago bihurtzea», gaineratu dute Udaletik.