Amalur Artola
Donostia

«Rojo», Argentinako diktaduraren aurrekariak

'Rojo' filma ikusteko bi modu daude Benjamin Naishtat zuzendariarentzat: batzuek film poliziako bat ikusiko dute, besteek Argentinako diktaduraren aurreko inpunitate giroa.

Filmeko lantaldea, photocallean.   Jon URBE | FOKU
Filmeko lantaldea, photocallean. Jon URBE | FOKU

Argentinan eta 1975. urtean kokatzen da Benjamin Naishtat zuzendari gaztearen 'Rojo', Zinemaldiko Sail Ofialaren barruan gaur aurkeztu den hirugarren filma. Zuzendariaren hitzetan, filma ez dago bere testuingurutik kanpo ulertzerik, eta agian hori izan da prentsa aretoan egitekoa zuten aurkezpena hasi aurretik akreditatuen artean izan diren filmaren ulertze saiakera kolektiboak eragin dituena.  

Naishtaten hitzetan, 'Rojo' ikusteko bi era daude: Argentinako historia hurbilaren berri dutenek diktaduraren aurreko garaietan kokatua dagoela identifikatu eta «garaiean zegoen inpunitate zibila» atzemango dute, eta gainerakoek film poliziako bat izango dute aurrez-aurre.

Artean Naishtat jaio gabea zen 1975ean eta, hargatik, Dario Grandinetti aktoreak zuzendariak gaia jorratzeko izan duen ausardia jarri du balioan: «Gure herrialdearen aro ilun horren gaineko begirada berritzailea ekarri digu, diktaduraren gaineko filmetan sekula ez baita fokua aurretik egon zen konplizitate zibilean jarri», azaldu du. Izan ere, filmean ospe handiko abokatu batek liskarra izango du herrian ustekabean azaldu den ezezagun batekin, eta liskar horren ondorioen inguruan isiltasuna eta sekretuak pilatuko dira.

«Nik 14 urte nituen 75ean –gaineratu du Andrea Frigerio aktoreak–, eta Benjaminek garai hura deskribatzeko duen moduak zirrara eragin zidan. Nik ezingo nuke hobeto egin. Moral bikoitzaren garaia zen, gauza askotaz jabetu arren ez genuen galdetzen, ez genuen jakin nahi, jakiteak zure izena zerrenda ilunetara eraman zezakeelako», ziurtatu du.