NAIZ
DONOSTIA

Ertzaintzaren «bortizkeria» salatu du Gipuzkoa Zutikek, igandeko martxa dela-eta

Gipuzkoa Zutikek gogor salatu du Ertzaintzak Zubietako erraustegiaren aurka igandean mobilizazioan parte hartu zuten lagunen aurka «erakutsitako bortizkeria basatia».

Ertzaintzak kolpeka hartu zuen mobilizazioa. (GIPUZKOA ZUTIK)
Ertzaintzak kolpeka hartu zuen mobilizazioa. (GIPUZKOA ZUTIK)

Gipuzkoa Zutikek deituta eta zenbait erakunderen babesarekin, igande arratsaldean Zubietako erraustegia eraikitzen ari diren gunera martxa deitua zuen, errausketaren kontrako protesta bertara eraman nahian. Ertzaintzak, ostera, bertaratzea eragotzi zien hurbiltzeko bide guztiak itxita eta manifestarien kontra oldartuz.

Gipuzkoa Zutikek gogor salatu du gaur Ertzaintzak igandean erakutsitako «bortizkeria basatia». Poliziak hainbat lagun zauritu zituela aipatu eta horietako batzuk ospitalera ere joan izan behar zutela nabarmendu du.

«Manifestazioan gertatutakoa oso larria izan zen eta ulertezina iruditzen zaigu politikari eta komunikabide gehienek, aipatu ere egin gabe, isiltasun eta konplizitatearekin, Ertzaintzari halakoak egiten jarraitzeko eskaintzen dizkioten zigorgabetasun eta babesean sakontzea», diote komunikabideei igorritako oharrean.

Ertzaintzak herritarrekiko erakutsitako jarrera «iraingarria, salagarria eta lekuz kanpokoa» dela iritzita, Eneko Goia, Markel Olano eta Iñigo Urkullu egin ditu gertatukoaren «erantzule». «Ekintza horien gaineko azalpenak ez ezik, erantzukizunak ere exijitzen ditugu»,diote oharrean. Hala nola martxarekin bat eginiko alderdi politiko eragile sozial eta sindikalei  ere, salaketarekin laguntzera gonbidatu dituzte. 

Obretara martxak antolatzen jarraitzeko asmoa berretsi eta igandean bertaratutakoei euren esker ona agertu diete.