NAIZ
BILBO

«Haratzago» izango da 2019ko maiatzaren 19an Lekeition ospatuko den Ibilaldiaren leloa

Lekeitioko Azkue ikastolak antolatuta, datorren urteko maiatzaren 19an ospatuko da Ibilaldia, «Haratzago» lemapean. Hezkuntza eraldatzeko egin duten hautua eta «publikotasun eredu propioa eraikitzeko beharrezko eztabaida» plazaratuko dituzte, etorkizunari begira jarrita. 

2019ko maiatzaren 19an antolatuko den Ibilaldiaren aurkezpena, Lekeition. (NAIZ)
2019ko maiatzaren 19an antolatuko den Ibilaldiaren aurkezpena, Lekeition. (NAIZ)

Bizkaiko ikastolen festa handia Lekeition ospatuko da 2019an. Maiatzaren 19an egingo den Ibilaldia eta hura ardaztuko duen leloa –«Haratzago»– aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Lekeition. 

Antolakuntza lanetan ari den Azkue ikastolako ordezkariek azaldu zutenez, «umea ardatz izanik Haratzago joan eta hezkuntza eraldatzeko hautua» egin dute. Era horretan, «ikastola berri eta aberats bat» eskaini nahi diote ikasleari, «bere osotasunean garatu dadin». 

Hain zuzen, Ibilaldiak eredu berri horren «erakusleiho» izan nahi duela azpimarratu zuten, «orain arte ikastolan landutakoa ezagutzera eman eta aurrera begira egin beharrekoak zehazteko». 

Herriko ikastolan egindakoaren berri emateaz gain, «publikotasun eredu propioa eraikitzeko beharrezko eztabaida ere» plazaratu nahi dute Azkueko kideek. 

Ikastolen Elkarteak zazpi lurraldeetarako egitura bakarra eskaintzen duela nabarmendu eta gero, Azkueko zuzendari Ibon Goitiak azpimarratu zuen «gure herria gaurdanik irudikatzeko ezinbesteko tresna» direla ikastolak.

«Administrazio ezberdinek ukatzen duten sostengu ekonomikoaren» aurrean, Elkarteak auzolanean ikastola guztien bideragarritasuna bermatzen duela ere adierazi zuen. 

Goitiaren esanetan, 2019ko Ibilaldia hezkuntzaren eremuan ematen ari diren eztabaidak eta egiten ari diren proposamenak plazaratu nahi dituzte. 

Euskal hezkuntza nolakoa izan behar den adosteko eta horra heltzeko neurriak proposatzeko plaza izan nahi du Ibilaldiak. Horretarako, ikasturtean zehar hezkuntza jardunaldiak antolatuko dituztela iragarri zuen Ainara Ikaran ikastolako lehendakariak. «Haratzago nahi dugu joan, bazatoz?» galdera plazaratuz amaitu zuten.