NAIZ
DONOSTIA

Anoetan irabazi ezinda jarraitzen du Realak (0-1)

Lesioak, huts egindako penaltia... Hamaika arrazoi egon litezke Realaren porrotaren oinarrian. Kontuak-kontu, etxean irabazi gabe jarraitzen du talde txuri-urdinak. [Neurketaren xehetasunak]

Bere lehen minutuak jokatu ditu Sandrok Realarekin. (@RealSociedad)
Bere lehen minutuak jokatu ditu Sandrok Realarekin. (@RealSociedad)

Hirugarrenean ere ez da izan. Bartzelonaren aurka galdu eta Rayoren aurka berdinketa lortu ostean, Anoeta berrituen denboraldiko lehen garaipena lortzeko asmoarekin zelairatu da Reala Valentziaren aurka, baina ez da halakorik izan.

Neurketako lehen albistea Mikel Merinoren lesioa izan da. 12. minutuan hartu du min jokalari nafarrak eta aldageletarako bidea hartu behar izan du; Ruben Pardok ordezkatu du.

24. minutuan iritsi da neurketako lehen gol aukera, eta Valentzia izan du protagonista. Reala zen ordura arte baloiaren jabe, baina arriskurik sortu gabe bisitarien ate inguruan. Zorionez, Kondogbiaren jaurtiketa kanpora joan da zuzenean.

Realaren lehen jaurtiketa 34.ean iritsi da, Kevinen bidez. Netoren eskuetara joan da zuzenean ezker hegaleko atzelariaren jaurtiketa eta bi minutu beranduago iritsi da valentziarren erantzuna: baloiaren irteeran huts egin du Realak eta akatsa aprobetxatuta neurketako lehen gola egin du Gameirok.

Halaxe iritsi da neurketa atsedenaldira, eta halaxe iritsiko zen amaierara ere. Tartean, beste lesio bat: Zalduarena. Ondorioz, atzelari bat kendu eta Sandro sartu du berdegunean Garitanok bigarren zatia hastearekin batera.

Onak izan dira bigarren zatiko lehen minutuak Realarentzat. Bere aukera izan du Oyzarzabalek, baina gora alde egin dio jaurtiketak. Baina Valentziak bere neurketa egiten jakin du, kontraerasora jokatuz. Realak galdutako baloi bakoitzaren ostean gaur Moyak defendatutako atean aurkitu dira bisitariak, abilezia handiz.

Donostiarrek, baina, izan dute markagailua berdintzeko aukerarik. Horien artean nabarmenena William Joserena, baina huts egin du brasildarrak Pardori egin dioten penaltia. 66. minutua zen. Hortik aurrera, eta Rodrigo zelaian, Valentzia izan da neurketaren jaun eta jabe. Realari aukerarik egiten utzi ez eta bisitarienak izan dira partida amaiera bitarteko gol aukera guztiak.